Jokalari onak aholkulari ona behar

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2012-08-10 18:27

Itxura guztien arabera Fernando Llorentek Athletic itxiko dau hurrengo egunetan. Urtebeteko kontratua dauka oraindino, baina klubak gurago ei dau orain saldutea datorren urteko bagilean debalde joaten lagatea baino.

Ozpinduta dago egoerea, are gehiago orain astebete San Mamesen ikusitakoaren arabera. Txistuak eta txaloak izan ziran, txalo gehiago txistu baino, baina argi egoan jente askorentzat jokalariak eskatzen ei dauana neurriz kanpokoa dala.

Kontu honeen ganean eika eta omenka gabilz eretxiemole guztiak, baina egia bada, zurrumurruek dinoen modura,  Llorentek urteko 5 miloi euro eskatzen dituala gehiegikeria dala esan behar da argi eta garbi.

Futbolaren diruak errealidadetik kanpo egon izan dira Estadu espainiarrean azken urteotan. Burbuila bik izan dabe eragina zera horretan: telebisten dirua eta adreiluarena. Telebistatik partiduak emon ahal izateko emon zan dirua, edo horreek diruok eskuratzeko posibilidadea, puxika ikaragarri puztu eben. Adreiluaren munduak be eragin handia izan dau babesleen eskutik edo zuzendaritzak osatzen. Diru piloa eta erraza izan da urteotan. Horrek porrot egin dau edo porrot egiteko bidean dago. Aurtongo denporaldian apaldu egin da fitxaketen zoramena, eta badagoz zorrak pagau ahal izteko jokalariak ezinbestean saldu behar dabezan klubak.

Ftxaketen haritik soldatak joan dira. Miloeak eta miloeak aitatuten dira euro biko txanponak balira bezala, eta ez dira/ez gara konturauten miloe bat euro irabazteko hainbat personak urteetan egin behar dabela lan. Eta zer esanik ez, bost miloe euro irabazteko.

Denporeak esango dau Llorentek zuzen jokatu dauan ala ez, baina nik esango neuke aholku okerrak emoten deutsezala Fernandori. Egia da jokalari handia dala, baina danak izan behar dau muga bat. Eurokopara joan ei zan bere buruarentzako balore hundiagoa irabazteko eta ez eban minutu bat bera be jokatu. Bielsak berak adierazo eban momenturik kritikoenetan ez ebala emon beharreko neurria emon. Beraz, oso ona bada be, eta hori ezin da ukatu, badaukaz bere mugak eta bere gabeziak.

Kanpora joaten bada ez dau izango Bilbon daukan egoera samurra. Konpetentzia handiagoa izango dau eta talde guztiek ez dabe Athleticek besteko ondo pagetan. Akaso arrakastea izango dau Bilbotik kanpo, baina ez litxake Bilbotik munduko erregea izatera joan eta apalduta bueltau dan lehenengo futbolistea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu