Baratze bat gura dautsut egin...

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2012-07-03 20:01

Joan dan Zapatuan ospatu zan Zamudion Lagatzuren eguna. Lagatzuk, Zamudion euskerearen aldeko taldeak, ospakizun erraldoia egiten dau urtero urtero. Igaz bezelaxe, hor egon nintzan bazkariko mahaietan lagunduten. Herriko beste taldeen modura batzokitik lau lagun egon gintzazan platerak iminiten, janaria zerbiduten, platerak kenduten... Eta bazkalosterako, musikea izan zan.

Herriko talde batzuk oholtzatik pasetan dira bertoko kantak abesten: eskolakoak, futbol taldekoak, motorzaleak, tabernariak.. eta alkate-zinegotziak be hortik pasau gintzazan. Aurton azken koadrila izatea subertau jakun eta kanta Pierpol Berzaizek konposau eban Baratze bat izan zan. Zer kantau behar genduan jakin nebanean aspaldiko kontuak etorri jatazan burura.

Orain urteak Zuberoara joan nintzan Harizpe pastorala ikustera, Muskildiko herriak antzeztuta. Hunkitu nintzan pastorala ikusten. Badakit pastoralean kontetan dan historia oso nobelauta dagoala. Ezin da Napoleonen jenerala sasi-abertzaletzat presentau, baina kantak ederrak ziran oso.

Akordetan naz denpora luzean bertan erositako kaseta kotxean izan nebala. Zuberoako euskerea ez da adituteko erraza eta zenbait berba ez nebazan ondo adituten, baina halanda be, ha kantua eta beste batzuk eder ederrak iruditu jatazan.

Joan dan Zapatuan, oholtza ganean egoan bandak beste erritmo bat imini eutsan kanteari. Kanta erromantikoa ia ia berbeneroa bihurtu eban, alaia oso. Jenteari txaloak eskatzeko modukoa, erritmoari lagunduten. Bersino hau be piloa gustau jatan, jatorrizkoa bezain beste ia.

Bien bitartean, Xabiertxo txikia umeentzako herri kirolean ebilen lagunekaz batera. Goizean kotxea gidatuten egon zan (ordenagailuaren bidezko simulazinoa zan, jakina!!). Beraz, berarentzako be egun goxoa izan zan

Gustura egunean zehar eta pozik egindako lanagaitik. Gehiago ezin eskatu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu