Argia behar da...
2011-12-07 17:34 Euskaldunak munduanInterneten hamaikatxu txiste jaso ditut daborduko. Erregearen suina ustezko korrupzino kasu batean ei dago nahastauta. Eta zibernautek ez dabe denporea galduten haren kontra hasteko.
Sarritan esan izan da Espainiako Erregeak berebiziko babes informatiboa daukala. Egia da tentuz ibili behar dala bera eta bere familiaren ganean berba egiteko orduan. Ez dira gitxi bere kontura parre egitearren edo informazino delikatuak zabaldutearren epaitegietan arazoak izan dabezan komunikabideak.
Baina ustelkeria dana zikinduten dauen gaixotasuna da. Egia bada Iñaki Urdangarinek horrenbesteko diru hartu izan ebala eta konfirmetan bada horreek diruok ustelkeriagaz zerikusia badaukiela, nekez geldituko dau ganera joango jakon olatua. Bere andrea ez dabe bardin epaituko, seguru, azken finean Erregearen odolekoa da eta. Hor be klaseak badagozala ikusiko dala uste dot.
Espainiako Transizinoa eredugarria ei zan Diktaduratik Demokraziara pasetako. Sarritan esan izan dot Nazino Historikoen arazoa konpondu barik geratu izan zala. Baina honez ganera, Estaduburuarena geratu zan eztabaidatik kanpo. Pekatu larria emoten dau gogorarazotea Franko diktadoreak izentau ebala Erregea eta inor ez zan gauza izan beste era bateko alternatibarik planteetako. Denpora latzak izan ziran horreek.
Espainiako Konstituzinoak aldaketak behar ei ditu. Besteak beste, gizon eta andreen arteko bardintasuna koroa eskuratzeko orduan ezarri behar ei da. Ez ei dabe planteetan alderdi politiko handi biek erreformeagaz batera datorren erreferenduma konstituzinoaren ganeko erreferenduma izan barik Errege beraren ganeko erreferenduma bihurtu leitekelako. Eta ez dabe gura halango saltsa batean sartutea.
Argia behar da Erregearen familiaren diru sarreren ganean. Uritarrok famili honen ganean daukagun eretxiaren ganean. Seguru nago, zoritxarrez, honeek kontuok pasau eta gero iluntasuna bueltauko dala Zarzuela jauregira.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!