ETAk gerra galdu dau
2011-10-24 01:18 Musikea Patxi Lopez lehendakariaren modura, ni neu be kanpoan harrapau ninduan ETAren komunikaduak. Pentsetan neban Pake Konferentziaren ondorioetako bat halango komunikadu bat izango zala baina, benetan, ez neban uste horren goiz etorriko zanik. Halanda be, hoba Eguen honetan gaur baino. Urteetako atzerapeneagaz etorri da komunikadua. Nire lehenengo erreakzinoa Xabier txikia besotan hartu eta muxu parea emotea izan zan. “Zuk ez dozu halangorik ikusi beharko†esan neutsan. Berak, jakina, ez eban ezebe ulertu, hiru urteko mutiko batek ez daualako kontu horreen ganean ezee ulertan. Egunen baten kontauko dautsat zer jazo zan gure herrian urte luze honeetan eta zer egin neban nire txikitasunetik indarkeria moeta guztiei aurre egiteko. Aite zaharraren kontu zaharrak izango dira, bere zorionerako. Argi baino argiago dago zer jazo dan: ETAk bere gerrea galdu dau. Pentsetan eben Estadua belauniko iminiko ebela, uste izan eben armen bidetik lortuko ebela herri honen askatasuna eta uste guzti honeek ustel subertau dira. Estaduagaz hartu-emonetan egon izan ziran eta mahaitik altxau ziran indarkeriaren bidera bueltetako eskaintzen eutsiena gitxi zala eretxita. Gogorau daigun Madrileko T-4an bonbea imini ebenean prozesua “engrasau†egingo zala uste izan ebela. Loiolako alkarrizketetan lortutakoa gitxi zala pentseu eben. Eta Arjelen, eta Lizarra-Garaziren garaian,… ez zan inoz nahiko izan… eta orain ezebe lortuta eta ezebe lortzeko esperantzeagaz pertsianea bajau beharko dau ETAk. Porrot handiaren historia izan da. Horrenbeste sufrimendu, oinaze eta samin eragin eta jaso ondoren… emoitza politiko bako agurra. Ikusi beharko da zer egiten dauen orain Espainiak. PSOEri denpora gitxi falta jako gobernuan. Ez dot pentsetan honek eragin handirik izango dauenik datorren hilean izango diran hauteskundeetan. Gaur egun, jenteari gehien interesetan jakona (jakuna) krisialdi ikaragarri honetatik urtetea da. Popularrek badakie ETAren kontrako gogortasuna (gogorkeria) ondo baino hobeto salduten dala Espainian. ETAk eragindako sufrimenduak berebiziko gorrotoa erein dau Estaduko bazter guztietan. Prozesuaren alde teknikoa, hau da, preso eta errefuxiatuen egoera personalak arinduten lagunduko dauena, luze baino luzeagoa izango dala pentsau leiteke. Espainiak gerrea irabazi dau eta ez dau emoten Espainiak kupidea agertuteko beharrik izango dauenik. Halanda be, ez litzake harrigarria izango gerra garaian irabazlea dana pakean galtzaile ataratea. Euskal arazo politikoa ETA baino arinagokoa da. Euskal arazoa ez da inoz ETA izan. Arrazoi handigaz esaten dabe EAJren ponentziek Euskal Foruak kentzean hasten dala euskal arazo politikoa. ETA desagertuta be arazo politikoak bizirik iraungo dau. Eta hemendik aurrera ETAren indarkeriaren banderea zabaldutea alperrekoa izango da sakoneko arazo politikoa ezkutatzeko. Aro barria zabaldu da eta bai berba zein jokabide zaharrak desagertu beharko dira. Alde guztietan.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!