Apokalipsia ez baina...
2011-09-18 21:53 Begi betegarriEgoerea ekonomikoa oso larria ei da nazinoartean. Adituek dinoe munduko indar ekonomikorik nagusienak erresezinoan dagozala daborduko. Estadistikak atarako dirazanean baieztauko dogu datua, baina argi dago urduritasuna dagoala airean. Orain urte biko kolpetik errekuperau barik beste kolpe bat ei jatorku.
Greziak ezin dau bere zorra ordaindu, ezta Partenon bera salduta be. Frantziako eta Alemaniako bankuak dira Greziari dirua emon deutseena. Ha dirua ez dabe errekuperauko. Eta Frantziako edo Alemaniako bankuak pikutara joaten badira mundu osoak igerriko ditu ondorioak. Alemania da, hain zuzen, zeozelako osasun ekonomikoa agertzen dauen Sartaldeko Estadu bakarra. Frantzia uste baino okerrago ei dago eta Estadu Batuak be ez dagoz bolanderak botateko moduan.
Inok ez daki zelango eta norainoko aldaketeak eragingo dituan krisialdiak, baina argi dago zorretan oinarritutako gizarteak ez dauela gehiagorako emoten. Badirudi danak dagozala zorrek janda: estaduak, bankuak, enpresak, personak, telebisinoak, futbol taldeak,… Zorretan sartu ziran dirua merke egoanean hazkunde ekonomikoari esker zorrak pagauko ebezala pentsauta. Hazkunde ekonomiko barik ezin dira zorrak pagau eta zorrak pagetan ez dirazanean sistemak uste baino oinarri ahulagoak daukazala emoten dau.
Batek baino gehiagok ekarri izan dau gogora maien egutegia. Maiak, gogoratu daigun, espainolek menderatu eben XVI. gizaldian, baina euren egutegiak indarrean jarraitzen dau. Honek ei dino munduaren azkena izango dala datorren urteko udagoienean. Apokalipsi moduko bat izan leiteke predikzino honen arabera.
Apokalipsia datorrela esatea lartsu izan leiteke, baina argi dago sistema ekonomikoak aldaketa sakonak behar dituala. Eta aldaketea laster etorriko dala pentsetan dot. Indar finantzieroaren ganean oinarritutako hazkundea artifiziala da neurri haundi batean. Espekulazinoa tresna ekonomiko bihurtzen danean kasino bihurtzen da sistema ekonomikoa. Halanda be, kasinoan norberak jokatzen dau bere dirua. Burtsa kasinoa bihurtzen danean, persona batzuen galereak danon galera bihurtzen dira. Hori baino ez aldatutea sistemea sustraitik aldatzea izango litzake.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!