Kutsadurea

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2011-04-29 18:47   Musikea Aro politiko barri batera goazela gero eta argiago ikusten da. Gaur jakin dogu ETA erakundeak aurrerantzean ez dauela eskatuko iraultza zergarik. Hoba berandu inoiz baino zorioneko erabagia. Halanda be, pakerako bidea ez da laua, hainbat oztopo gainditu beharko dira eta. Bilduren zerrendak epaitegietara eroan ditu Estaduko Fiskaltza Nagusiak. Eta gogoan izaten badogu Fiskaltza legez Gobernuaren menpean dagoala, ondorioa argia da: Espainiako Gobernuak epaitegietara bialdu ditu Bilduren zerrendak. Eroak be badaki ez daukadala Bilduri botua emoteko ezelango tentazinorik. Baina oso argi daukat instituzinoetan uritarren borondatea islatu egin behar dala. Argi daukat azken urteotan gure herriaren zati handi batek ezin izan dauela beren gustoko ordezkaritza politikoa aukeratu. Kutsadurea berbea dabilz erabilten epaileek, politikoek eta kazetariek. Garzonek dana ETA zala aldarrikatu ebanetik, bere ingurukoak gero eta gehiago ei dira. Ezker Batutik datorren Alternatiba eta EAJtik zatitu zan EA ETAren estrategiaren parte ete dira? Zer egiten dabe Urizarrek eta Matutek kalean, Zergaitik ez ditue atxilotzen? Orain 30 urte egindakoak kentzen deutsoz pertsona bati hautagai izateko bere eskubidea? Neu be orain 15 bat urte sartu nintzan Gaztetxe batean eta orain urte parea afaldu neban Herriko taberna batean. Ni neu be kutsatuta ete nago? ETAren estrategiaren parte da hau bloga? Ze demokrazia da hau? Ikusi beharko da epaileen sugetzarra zelan akabetan dan. Akaso, orain lau urte jazo zan modura, zerrenda batzuk legalak izango dira eta beste batzuk ez. Eta behin eta barriro galdetu beharko geunke “Qui prodest?” “Nori egiten dautso mesede?” Ajuria Eneara begiratu eta gero oso argi dago nor dan mesederik handiena atarako dauena. Eta, azkenik, ezin dot erantzun barik laga Patxi Lopezen azken pitokeria: epaileek “papeloia” ei daukie Bilduren inguruan erabagiten. Bere alderdiak preparau dauen papeloia, hain zuzen, Rubalcaba ahalguztidunak antzerkilanaren egile nagusietako bat izan da eta. Edo pentsetan dau Lehendakariak ahaztu egin dogula uritarrok bera be PSOEkoa dala?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu