Lapsusa izan ez bada, oso larria litzateke

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2011-01-25 13:29   Euskerea berbagai Harriduraz irakurri dot Patxi Lópezek adierazotakoa. Izan be, indarkeria amaituta euskara askatasunagaz lotuko dala dino Lehendakariak. Lehendakaria ez dan nonok gauza bera adierazo egin ezkero halango lerdokeria nok esan dauan erantzungo neuke, baina Lehendakaria euskal instituzino gorena da eta horrek errespetua merezi dau. Benetan uste dau Lopez jaunak euskerea indarkeriagaz lotuta dagoala? Indarkeriagaz lotuta dagoan hizkuntza bakarra ete da euskerea? Ez dautsat inori entzun frankismoa desagertzean gaztelera askatasunagaz lotzen hasiko zanik edota euskerea frankismoak eragindako zapalkuntzeagaz lotu leitekeanik. Argudio bera erabiltearren, dinot... Benetan errealidadetik kanpo dago euskerearen sustapena indarkeriagaz lotzen dauena. Era berean, errealidadetik kanpo egongo litzake unionismo politikoa euskereagazko gorrotoagaz lotuko leukena. Danok ezagutzen doguz euskaltzale espainolistak eta euskerea ezagutu gura ez daben abertzale sutsuak. Egia da alde bateko indarkeria politikoa euskerearen defentsan aritu dala, baina gogoan izan behar da gurean orain gitxirarte aktiboa izan dan beste mutur bateko indarkeriak euskerea gorroto egiten ebala. Ez daigun nahastau gitxiengoa gehiengoagaz. Ni ez naz indarkerizalea. Eta begibistan dago egunero euskerea erabilten eta sustatuten dogunon gehiengo zabalak indarkeria salatzen dogula. Euskerea berreskuratzeko hamaikatxu lan egin izan dira azken urteotan zailtasun latzei aurre eginaz. Euskereari falta jakon bakarra indarkeriaren zamea beregain ezartzea da. Benetan borondate txarra edo ezjakintasun osoa behar da halangoa pentsetako. Ondino pentsau gura dot Lehendakariaren lapsusa izan dala adierazotakoa eta esaldiak ez dauela jasoten bere pentsakerea. Bere pentsakerea horixe baldin bada larria, oso larria izango litzateke eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu