Zain

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2010-11-23 13:57   Musikea

Zain nago. Zeozer pentsarazoten deust hurrengo egunotako jazoerek eragin handia izango dabela gure bizimoduan. Zelangoa zan enpresa gizon/andreek kontetan dabena tximeleten inguruan? Tximeletak hegoak astinduten ei ditu Japonian eta haize boladak izaten ei dira Europan. Hamaikatxu lekutan dagoz tximeletak hegoak astinduten.

Eragina izango ete dabe gurean Korea bien arteko tentsino une horreek? Gaur goizean irratitik informazinoa entzun dodanean burura etorri jatan lehenengo ideia: “Korean gerrea da munduari falta jakona”.

Eragina izango ete dau gurean Irlandako erreskateak? Behin eta barriro esaten deuskue ezetz agintariek. Horixe bera esaten eban Zapaterok Europak eta Estadu Batuek inponidu eutsen “ajustea” iruntsi baino arinago. Espainiako gatx ekonomikoak ez dira osatu, eta ez dakit nik “ajuste” handiagoa ez ete daben egin beharko. Eta egunen batean Alemania eta Frantzia nekatu egingo dira PIGS dalakoek fundamentu faltea behin eta barriro agertuten dabelako. Gogoratu zelan gustetan jakon Madrileko faraonari dirua barra-barra gastetea.

Eragina izango ete dabe gurean Catalunyako hauteskundeek? Catalunyan esperimentuak egin gura izan dabez gehiengo abertzalea daukan gizarteari president espainolistea iminita. Gure kasuan badagoz diferentziak, zelan ez, Catalunyan Alderdien Legeak ez dauka urnatan eraginik eta, baina ondorioa bardina da.

Eragina izango ete dabe ESAITek egin dituan adierazpenek? Benetan negargarria izango litzake Gabonetako futbol partidarik ez izatea. Errealidadetik kanpo dabilz lagun batzuk “dana ala ezer” apustua egiten. Birritan ikusi izan dogu apustu horren ondorioa “ezereza” izan dala. Hirugarrenean apustu bera egiten bada Basagoiti eta Lopezen txaloak inoiz baino handiagoak izango dira, euskal selekzinoen alde gagozanoi tonto arpegia geratuko jakun bitartean.

Zain nago...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu