Nagusitu ala zatitu

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2010-08-26 20:02   Musikea

Abuztuko sugetzarra edo barri mingots baten iragarpena? Ha galderea etorri jat burura azken kale erasoen barri izan dodanean.

Hilebeteetan ez da halango jazoerarik izan gurean eta denpora tarte laburrean kale eraso ugari izan dira Zarautzen, Gasteizen, Bilbon,…

Ezker abertzalearen bozeroale batzuek euren hausnarketatik kanpo kokatu dabez erasogileak. Pausu azpimarragarria batzuen eretxiz. Beste batzuek berba gogorragoak gura dabez entzun. Kondenea berba famatua hor dago zain.

Kontenedoreak edo kotxeak pertsonen bizitzak bezain inportanteak ez dirala pentsetan dot. Ez dot uste bardin hartu behar diranik batzuk eta besteak, baina zoritxarrez, bizitzen eta ondasunen kontrako erasoak alkarregaz joan izan dira iraganean. ETAk ez dau argi esan ondino zer egingo dauen. Lerro artean ulertu leiteke Ezker Abertzalearen gehiengoak hartutako bideagaz bat datorrela. Halanda be, bat etorteak adierazpen ilunak baino gehiago suposatzen dau. Eta hartutako bidea gehiengo batek hartu izanak ondorioztatzen dau eretxi horregaz bat ez datorren gitxiengoa be badagoala.

Adierazpen ofizialetan zenbait bozeroalek esan izan dau danok bat eginda egingo dabela bidea. Nire zalantzak badaukadaz. Badirudi badagozala “jotake” jarraitu gura dabenak. Berrogei urte baino gehiagoko burrukea antzua izan dala onartutea gogorra izan behar da, jakina, baina akats politikoak larrutik ordaintzen dira. ETAk alperrik galdu ditu ha historia akabetako aukera bat baino gehiago.

Orain denporatxua idatzi neban ez dotela uste bide militarrak bertan behera lagateagaz danok etorriko dirala bat. Ikusi beharko dogu aurrerantzean honeek erasook jarraitzen badabe “ezker abertzalearen hausnarketatik kanpo” egon barik erasogileak “ezker abertzalearen estruktureatik kanpo” geratzen diran. Edo auskalo ez ete dan makurtuko gehiengoa gitxiengoaren aurrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu