Ronnie James Dio: Goian (edo Behean) bego

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2010-05-24 02:05 Gaur ez dot ekonomiaren ganean idatziko. Denporea egongo da egunotan bizi doguna komentetako. Are gehiago, sudurrak esaten deust “hau” ez dala ondino akabo. Funtzionarioen soldatak murriztu, pentsinoak konjelau, “umetxekea” pikutara eta gainontzeko neurriak... hau hasikerea baino ez da. Ikusiko dogu lan erreformea etorriko danean. Eta ganera erabagia ez da Espainian hartu, kanpoko agintariek aginduta baino, zisku eginda egoan Espainiako ekonomia nazinoarteko mailan kaltegarria izan leitekelako. Eskerrak Espainako ekonomia sendoa zala eta krisialdiak beste herri batzuetan baino ez ebala izango eragina!! Edozelan be, triste nago oso gustetan jatan kantaria hil egin dalako. Ronnie James Dio hil da. Rainbow, Black Sabbath eta bere talde propioan ibili zan kantari. Rock gogorraren inguruan mobidu zan beti. Kantari bikaina zan, nire ustetan. Kantau baino berbak deklamau egiten ebazan kantetan. Nota altuetara erraz heltzen zan oihuka ibili barik. Ez dodaz erraz ahaztuko “Man on the silver mountain”, “Starstruck”, “Long live rock and roll” edo “Neon knights” lako kantak, nire formazino musikalaren parte diralako. Legendak dino berak asmau ebala heavyek alkarri agurtzeko erabilten daben agurra (“hatzamar bigaz egindako adarrak”) Txikia zan oso neurrian. Bere lehenengo taldea Elf (Elfoak) deitzen zan. Bera taldekiderik altuena ei zan 1,60 metrogaz. Kantari erraldoia zan, halanda be. Kanta txar gitxi egin ebazan. Bilbon ikusi nebanean orain urte pare bat (edo hiru urte izango dira?) txundituta sentidu nintzan. Zenbat biderrez entzun nebazan bere kantak eta hamaikatxu urte pasau eta gero hor zegoen bere betiko kantakaz. Momentu gogoangarria izan zan. Gaur, egin ahal jakon omenaldirik onena bere kantak ostera be entzutea da. Kalidade haundiko rock gogorra entzuteko Ronnie James Dio ezinbesteko erreferentzia izan da beti. Goian bego (edo auskalo bere kasuan Behean bego esan beharko neuken!)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu