Berba egin dabe. Eta orain zer?

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2010-04-27 13:56 Egia da gehiago espero leitekela Ilegalizautako Ezker Abertzaletik (IEA) oraingo momentuan. Esandakoa ez dala nahiko esan izan dabe. Hori baino nik esango neuke berba egin beharko leukena isilik dagoala. ETAren indarkeriaren ganean dabilz berbetan, baina eztabaida publikoak badauka nire ustetan ondorio harrigarria. IEAk zamea dauka oraingo testuinguru politikoan, hain zuzen lehenengo hizkia: “I”. Ilegalizauta dago ETAren partea dala esan dabelako epaileek. Halanda be, harrituta ikusten dot zelango eskaera publikoak egiten jakezan politikoei ETAtik aldendu behar dirala eskatuz. Baina ez ete dagoz ilegalizauta ETAkoak diralako? ETAkoak badira ezin dabe euren burua kondenau edo beren ekintzak gaitzetsi!! Ez dakit nik prozesua ondo ala txarto akabauko dan, baina badauka alde positiboa, apala bada be: erakunde politikoa eta militarra gauza bera ez dirala plazaratuten dabilz bozeroaile politikoak. Are gehiago, lerro artean irakurrita adar politikoak ibilbide propioa izateko gogoa badaukala esan leiteke. Beste kontu bat izango litzake zer pentsetan daben militarrek eta gogo horren aurrean zer egingo daben. Eta konturik inportanteena izango litzake, nire eretxiz, noraino helduko dan erakunde politikoa militarrek planto egiten badabe. Bozeroaile jeltzaleek adierazo dabe IAEko ordezkariekaz izan dabezan bileratan hartu beharreko erabagia hartuta dagoala eta arazoa abiaduran dagoala. Hor dago koxka. Benetan horren argi egongo bazan erabagia, klaruago egingo ebela berba pentsetan dot. Auskalo gitxi ala asko diran, indar handia ala txikia daukien, baina sudurrak esaten deust ondino badagozala “jotake” jarraitu gura dabenak. Serio esan daigun: orain hiru urte T4ko bonbea imini eta gero, Loiolako alkarrizketak pikutara bialdu eta gero hor eskaintzan zana nahikoa ez zalako, bertan behera lagako ete dabe burruka armatua musutruk? Orduan gitxi eta orain bapez? Ordukoa sekulako hankasartze politikoa izan zala autortutea lakoa da (Tira, objetiboki, euren enegarren hankasartze politikoa izan zan, baina hori beste eztabaida bat da). Orain indar independentisteen metaketearen alde egingo ei dabe lan. Eta benetan dinot, ez dakit nori dagoan zuzenduta amua. Ez dakit konturatzen diran, mundu horretan Heidiren munduan bizi diran asko diralako, baina indar konsitutzinonalistei komenidu egiten jake IAE “I” hizkiagaz jarraitutea. Eta subirotasunaren alde behar egitea alderdi abertzalerik handiena baztertuz ez dau inok ulertan. Militarrek sartu dabez politikoak zuloan eta ez da erraza izango hortik ataratea. Matazea oso nahastuta dago eta hariren bat apurtu barik nekez askatuko da. Orain hiruzpalau urte nik pentsetan neban indarkeriaren arazoa konponduteko bidean egoala eta oztopoak gaindidu egingo zirala. Orain uste dot nik traba piloa dagozala eta honeek gainditzeko berba politak eta ames politikoak baino gehiago beharko dala. Arazo politikoa konpondu gura izatea indarkeriaren ganean fundamentuzko ezer esan barik errealidadea ez ezagutzea dala pentsetan dot.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu