Ibredrolaren matazea ulertu guran
2010-04-03 22:33 Euskaldunak munduanEz dot bape maite Iberdrola. Argindarra derrigor erabili beharra daukat eta konpainia bakarra daukat eskura. Ez daukat beste konpainia bat aukeratzeko modurik. Bere garaian monopolio ziranak edo gaur egungo monopolio diranak ez dira, hain zuzen, uritarron bihotzekoak. Urteetan egon gara gasolina edo telefono konpainia bakarragaz, eta ondino monopolioak daukaguz argindarrean edo ur horniketan.
Esan behar dot, bestalde, ez daukadala Iberdrolan inongo interesik. Ez naz akzinoduna eta ez dot pentsetan nik inoiz Iberdrolarentzako behar egingo dotenik.
Azken hilebeteetan emon dabe komunikabideek Pérez eta Galanen arteko lehiaren barri. José Ignacio Galán Iberdrolako presidenteak bereak eta bi egin ditu Florentino Pérez enpresako Administraritza Kontseiluan sartu ez daiten. Florentino, barriz, akzinoak erosi eta erosi ibili da. Erosketea, halanda be, ez dau bere diruagaz egin, kreditu batean eskatutako diruagaz baino. Eta hor dago koxka.
Florentino Pérezek dirua behar dau bere kredituak pagetako. Horixe izan da bere ibilbide profesinonalaren ezaugarrietako bat: kredituan dirua eskatu izan dau enpresak erosteko. Honeek enpresok saldu eta gero kreditua pagau dau eta soberakina berarentzako izan da. Gogoratu daigun Real Madrilen be horixe jokabidea agertu dauela. Cristiano Ronaldo megaizarra 94 miloan erosi eban banku batek emondako diruagaz. Ondino ez ei dau bape ordaindu. Denporaldian zehar emongo dauen dirutik pagauko ei dau zorra.
Kontua da Florentinok erosi ebazan Iberdrolaren akzinoek balio galdu dabela ordutik hona eta ezin dituala saldu etekina atara ahal izateko. Bankuek euren dirua eskatuten dabilz eta Pérezek diru freskoa behar dau kosta ahala kosta. Bere asmoa ez da akzinodun arrunta izan. Berak agindu gura dau. Eta zertako agindu?
Esan bezela, Florentinok dirua behar dau, ez 'papertxoak'. Bera lako tiburoiek badakie Iberdrolaren zati batzuk saldu leitekezala di-da batean. Uritarren irudimenak ez dauka mugarik. Errusiarrek erosiko ete leukie Iberdrola torrea? Arabiarrek edo txinatarrek erosiko ete leukiez pantanoak? Atzerriko inbertsinoek zegaz saldu leitekez?
José Ignacio Galánen lehenengo interesa pertsonala da, duda barik. Florentino agintaritzan sartu ezkero, bera kalera joango litzake. Defentsan eztenkadea polita luzatu eutsan Galánek Florentinori atarabide erraza eukala esan eutsanean: diru freskoa atara eta ganerakoen akzino danak erostea. Baekian Galanek Florentinok ez daukala dirurik holako saltsan sartzeko.
Euskal erakundeak eta bertoko akzinodunak Galánen alde atara dira ('aldaketea'-ren Jaurlaritzea kenduta). Zenbait kasutan Galán euren gustokoa dalako. Beste zenbaitetan euskal interes ekonomikoak tartean dagozalako. Milaka euskaldunek Iberdrolarentzako egiten dabe behar, plantilakoak diralako edo euren enpresek Iberdrolarentzako behar egiten dabelako. Milaka esan dot? Bai, milaka dira. Eta honez ganera, Iberdrolaren zergak Bizkaiko Ogasunean pagetan dira. Zer pasauko litzateke Real Madrileko presidentea agintzen hasiko balitz? Iberdrolak euskal enpresa eta instituzinokaz gaur daukan konpromisoari eutsiko leukio?
Orain arte ez dot gauza arrarorik esan. Kalean dabilena baino ez da. Esan behar dot, bestalde, ez dotela pentsetan Ibedrolako jaubeek euskal gizartea eta bere izakerea maite dabenik, baina badakie zenbait akzinodunek, BBK kasu, oraingo egoerearen alde ataraten jarraituko dabela lotureari eusten jakon bitartean.
Baina badago puzzlea osotuteko falta jatan azken piezatxoa. Zertan dabil Zapatero Espainiako presidentea? Iberdrolaren estatutuen arabera posible zan Florentino Administrazino Kontseilutik kanpo mantendutea. Espainako Gobernuak atara gura dauen lege aldaketearen eskutik Perezek Iberdrolaren sancta sanctorumen sartzeko bidea izango leuke. Eta sartzeaz ganera, enpresako 'pisu haundia' bihurtuko litzake. Behin eta barriro egin deutsat nire buruari galdera bera: Zergaitik? Zer irabazten dau Zapaterok saltsa honetatik?
Erantzuna Moncloako pasiluetan ei dago. Florentinok José Luisi esan ei deutso bere enpresea egoera larrian dagoala eta Iberdrolana konpontzen ez bada ACS bere enpresarentzako behar egiten daben milaka eta milaka lagun kalera joango litzatekezala. Zapaterok, bildurtuta, ez ei dau ikusi gura eraikuntza arloko beste enpresarik pikutara joaten eta argi berdea emon ei deutso Florentinori. Horrek azaltzen dau zergaitik egon izan dan Eusko Jaurlaritza orain arte horren isilik? Pentsetakoa da, bestalde, nori egiten deutson mesede isiltasun horrek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!