Ustelkeria eta politikea
2010-03-23 11:47 Egia esanda, ezin dot esan Txitxo de Miguel ezagutzen dotenik. Behin batean musean ibili nintzan bere kontra jokatzen eta galdu neban lagunarteko bazkari erraldoi batean. G ure lagun bat ezkondu egiten zan eta 150 lagun inguru batu gintzan ha bazkarian. Hortik kanpo, pare bat aldiz alkar agurtu eta besterik ez. Ustelkeri kasu mordoa emon dira politikan azken bolada honetan. Ustelkeria eta politikoa ezinbestean lotuta dagozala jente askok pentsetan dau gure artean. Pentsakera tristea da, baina tristeagoa da jakitea jente asko aberasteko asmoz sartu dala politikagintzan. Zerbitzu publikotik, danon baliabidetatik dirua ohostutea txarrikeri itzela iruditzen jat. Honek ez dau esan gura politiko guztiak ustelak diranik edota alderdi edo herri batekoak guztiz garbiak diranik. Danetik dago. Politikan dabilzan batzuk oso ondo ezagutzen ditut eta badagoz garbi baino garbiagoak diranak. Gure modukoak dira politikoak. Ez daigun pentsau politikoak eta uritar arruntak horren ezbardinak garenik. Iñaki Anasagastik sarritan kontetan dau bere senitarteko bati jazo jakona: behin batean erosketak egitera joan ei zan denda batera. Dendariak, fakturea egiteko orduan, bere abizena ikusita, politiko ezagun batena zala eta, hasi jakon marmarka horreek politikook ustel hutsak zirala eta halangoak botaten. Eta halango batean ixildu egin zan eta preguntau eutsan: 'Fakturea BEZ (IVA) barik edo BEZagaz gura dozu?' Frankismoaren garaian ez zan ustelkeriaren inguruko salaketarik egiten, prentsa euren kontrolpean egoalako. Politikoen kontrola demokrazian baino ezin da burutu. Honexegaitik pentsetan dau jente askok demokraziak ustelagoak dirala diktadurak baino. Era berean, komunikabideek beste gaietan agertuten dabezan gehiegikeriak eta arinkeriak ustelkeri kasuetan be apliketan dabez ustezko ustelkeriak agertuten diranean. Gogorau daigun, bestela, joan dan asteburuan 'suhiltzaile-terroristakaz' montau dan katramilea. Arabako kontua publiko egin zanetik badagoz gaia neurri barik zabaldu dabenak, badagoz 'ustezko' berbea 'ahaztu' egiten dabenak. Inor gotxik esaten dau sententzia izan arte ez dagoala errudunik eta are gitxiago inputazinoaren arrazoiak sekretupean dagozala. Beraz, inputazinoa sortarazo dauen gertakizunen inguruan danok gabilz eika eta omenka. Neri harrigarria iruditu jat zelan atxilodu dabezan akusatuak deklaratzera deitu barik. Akaso pentsauko eben agintari judizialek deitu ezkero ez zirala joango. Nire harridurarako, deklarau eta gero libre geratu dira ezelango fidantza ordaintzeko beharrik barik. Fidantzak pagau egiten dira akusatuek alde egingo dabela pentsetan danean edo frogak desagertarazoko dabezala uste danean eta beti be delituaren tamainaren arabera. Hor badago ulertzen ez doten zeozer. Gaizkile arriskutsuak dira ala badaezpada be akusatuak? Ezin dot burutik kendu zenbat akusazino ezagutu doguzan ezertan geratu diranak. Baina bien bitartean, akusatuek sufriduko ebena ez neuke niretzat gurako. Epaiketa bako akusatuak dira, jente askorentzako errudunak. Eta errubakoak dirala frogatuten bada, oraindino jente asko marmarka ibiliko da 'Zeozertan ibiliko ziran' esanaz. 'Bankiloaren zigorra' esaten jako horri. Gorka Agirre zanak, Juan José Ibarretxek eta beste batzuek badakie horren ganean zeozer. Edota ETAkoak diralakoan atxilotzen dabezanak, argazkia, izena eta guzti prentsan. Hortik gitxira, horreetako asko geratuten dira kalean libre ezelango inputazino barik. Txitxok eta besteek egin behar zana egin dabe dimisinoa aurkeztuz. Susmorik txikiena agertzen danean karguak bertan behera itxi behar dira. Benetan ustelkeria izan bada, hartu dagiela zigorrik gogorrena. Baina ustelkeririk ez dala izan frogatuten bada, nok pagauko dautse oraingo boladan egindako kalteagaitik? Eta salaketa anonimoa aurkeztu dauenak ez dau zigorrik mereziduko dana ezerezean geratuko balitz? Eta botere judizialean horreen erabagi bitxiak hartu dabezanek? Eta sententziaren aurretik epaile mediatiko lanetan dabilzanak? Espainiako justiziak zelan funtzionetan dauen ikusita, erantzuna hemendik urte batzuetara izango dogu, hauteskundeak pasau ta gero (ha zelako kasualidadea!)Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!