Nori inporta jakoz pertsonak?
2010-03-15 17:23Agertu da Jon Anza etakidearen hilotza. Hilebeteak emon ditu hilda, 'ahaztuta'. Gerra zikinaren zantzu guztiak daukaz desagerpenak. Non egon izan da denpora luzean? Zer jazo jakon?
Hamar bat egun auskalo non emon zituan eta gero Tolosako parke batean agertu ei zan, zorabiatuta. Hortik gitxira hil zan bihotzekoak jota. Hamaika hilebeteetan 'ahaztuta' egon da gorpua Tolosako morgean.
Apuntetako modukoa izan da Eusko Jaurlaritzearen erreakzinoa: atzerriko estadu baten jazoereak ez dabez komentetan. Atzerriko estadu batean desagertu zan Jon Anza. Eta jakin badakigu atzerriko estadu horretan espainiako indar polizialak beharrean dabilzala ETAren kontra. Orain aste gitxi Ertzaintza bera hasi zan lanean atzerriko estadu haretan. Estadu horretan jazotakoa guri be inporta jaku.
Ahaztuta ei egoan hilotza hozkailuan, arraindegiko lebatzen moduan. Eta fundamentuzko estadu batek ez dau ezer egiten bere lurraldean agertuten diran gorpuzkinen nondik norakoak ikertzeko? Paperak 'transpapelau' egiten dira. Gorpuak 'transgorpuztu' egiten ete dira?
Espainia estadu demokratikoa ei da. Amnistia Internazinonalak polizi jokaera batzuk salatu izan ditu hamaika biderrez euren txostenetan. Memoria historikoak dinozku ez dogula ezelango hipotesirik baztertu behar.
Jon Anzaren desagerpenearen inguruan hasi dira gurean oso ezagunak diran lagun batzuk berari jazotakoa salatzen. Hain zuzen be, beste pertsona batzuk hil egiten dabezanean txintik be esaten ez daben horreek.
Horra gure herriaren tragedia: protagonisten arabera, gaur oihuka eta madarikazinoka dagozanak ixilik egon leitekez bihar beste nonori zeozer jazo ezkero. Eta gaur hoztasuna agertuten dabenek bihar neurribako alkartasuna agertuko dabe beste era bateko jazoeren ondorioz nonor hil ezkero. Pertsonen sufrimendua ez da inportantea, sufrimenduaren erabilpen politikoa baizik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!