Atzo Haiti, gaur Txile, bihar…

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2010-03-05 14:20

Katastrofe naturalak, Naturak lantzean behin eragiten dituen ondorio bortitzak, primeran salduten dira gure gizartean. Lagun hurkoak jasaten dauena komunikabideetatik ikustea eta gure arimak tristetzea eguneroko ogia izaten da. Erruki morboso etenbako hori ikuskizunaren zati inportantea izaten da: atzo Haitin, gaur Txilen, herenegun Iran, orain egun pare bat Asian eta Afrikako kostaldean zehar txikizio bildurgarriak eragin zituan tsunami erraldoi...

Sartaldeko gizarteetan gure lehenengo sentimendua alkartasuna izaten da. Laguntzinoa agertu gura dogu, sufrikario latza sufridu dabenen kalteak arindu gura izaten doguz baina,… denpora gitxi irauten dauen sentimendua izaten da.

Ondino ez dira hilebete bi pasau Haitik lurrikarearen ondorioak sufridu zituanetik. Komunikabide guztietan izan genduan Haitin jazotakoaren barri. Irudi eta kontakizun gogorrak izan genduzan. Orduan esan jakun zenbat diru beharko daben txikitutakoa berreregiteko eta bihotza bigundu egin jakun. Badakigu katastroferik handiena pobrezia izaten dala. Badakigu pobreek ezin dabela katastrofeen kontra neurri segururik hartu, badakigu baina… memoria mediatikoa da gurea. Titularrak beste irauten dau memoriak, albistegiak beste irauten dau alkartasunak. Oso denpora laburrean gogortuten jaku bihotza ostera be eta alkartasuna lo geratuten jaku memorian.

Indonesia, Iran, Haiti, Txile,… momentu batean begia mindu eta bihotza kolpatu deuskuen herriak dira, baina ezer gitxi egingo dogu euren egoerea arindu ahal izateko. Forges marrazkigile espainiarrak behin eta barriro imini izan dau bere marrazkietan lelo esanguratsua: 'Haiti ez ahaztu, gero'. Ez deutsagu kasu handirik egin izan, ez horixe!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu