Ikusitako pelikulea besterik ez da ondino

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2010-02-20 02:25 Ez dot gura izan Ezker abertzalearen hausnarketearen inguruan eretxirik emon lasai irakurri eta astiro pentsau arte. Orain bai, benetakoa dala dinoste. Aurrekoetan be benetakoa ei zan, ETAk Lizarra-Garaziren ilusinoa zapuztu ebanean, T-4an denpora luzean preparautako prozesua hil zanean, Inaxio Uriaren hilketeak 'polo soberanistea'-ren lehenengo ahalegina pikutara bialdu ebanean eta abar luze bat. Hamaikatxu akats historiko, alperreko sufrimendua, orain bai, orain amaituko ei da. Kosta egiten jat sinistea ETAren indarkeria akabo egiten dala. Badakit biharko egunean Rufi Etxebarriak alkarrizketea emongo dauela eta ETA bako prozesua hasiko dala iragarriko dauela, badakit bide politiko eta demokratikoei eutsiko ei deutsela, baina… Ez da jentaurrean agertu eta publikoki berba egin dabenek ez dabe esaten, baina argi esan behar da. Ha guztia estrategia baten galerearen ondorioa da. ETAk ez dau irabazi Estaduaren kontrako gerrea, eta indarkeria bertan behera ixteko Estaduagaz egin diran negoziazino ahaleginak alperrekoak izan dira. Are gehiago, Estaduak gero eta presino gehiago sartu izan dau. Alderdien legeak eta horren ondorioz asmau dabezan gehiegikeriek politikoki ito egin dabe ezker abertzalea. Eta urteetan egindako basakeriek mugatu egin dabe txikiaren kontrako jazarpenak sortarazoten dauen alkartasuna. Hori bai, ereindakoa besterik ez dabe jaso. Eta Strasbourgen hartu eben zaplaztekoa euren estrategia hilkutxan sartuteko azken untzea izan da. Portzierto, 'bide politiko eta demokratikoak' leloa serio hartu ezkero, pentsetan dot herri eta auzoetan ezagutu doguzan presino sistemak be desagertuko dirala. Hainbateri kotxea erre deutse, telefonotik etxera deitu deutse mehatxuka, hamaikatxuk jazarpena kaletik jasan dau… Aldaketea baino mutazinoa beharko leukie batzuek. Eta aldaketea ez da emoten egun batetik bestera. Orain, prozesu barria hastera doa. Politikoa eta demokratikoa. Horixe bera esaten eben 2006. urtean. Bide politiko eta demokratikoak erabiliz, 1999. urtean bezela. Eta danok dakigu zelan amaitu ziran horreek ahaleginok. Deigarria iruditu jat beste puntu bat. Ezker abertzaleak hauteskunde marka legala behar dauela dinoe. Inportantea da orduan hauteskundeetan parte hartzea eta beste alderdiekaz lehiatzea. Legalak izan ez diran bitartean jentea joan egin jakela onartu egiten dabe orduan. Numantinismoak etorkizunik ez eukala begibistan dago. Prozesuaren promesea borondateak batzeko amua besterik ez jat iruditzen. Gaur egun eta denpora luzez ezker abertzaleak ez dau indarrik izango politikoki ezer lideratzeko. Militarki gerrea galdu dabe eta politikoki ez daukie indarrik euren ikuspuntuak nagusitu daitezan. Benetan uste dabe Estaduak musutruk legalizauko dauela euren 'markea' ilegalizazinoak espainolismoari nagusitasun artifiziala emoten deutsen bitartean? Erantzunak baino galderak daukadaz eskutartean gaur egun. Aurreko ahaleginak pikutara bialdu ebazanak ez dirala geldirik egongo pensetan dot. Eta ez dabe errudunak kanpoan topau behar. Batzuetan emoten dabe dokumentaletan agertzen diran soldadu japoniar horreek, gerrea amaitu zanetik hainbat urte pasau eta gero, Enperadorearen ohorearen defentsan ohianean jarraitzen dabenak. Horreek zoro galduak besterik ez ziran. Gaur eta hemen, bala batek dana bialduko leuke pikutara ostera be. Atentadu baten aurreko erantzuna pentsauta ei dago. Aurrekoetan be erantzunak izan ziran eta alperrekoak izan ziran. Ez dot esan gura danak bardinak diranik mundu horretan. Badakit batzuek benetan sinisten dabela estrategia errotik aldatu behar dala. Baina badaukie indarrik 'besteak' euren jarreretara eroateko? Eta 'besteak' animalikerietan hasten badira isilduko dira ostera be? Hurrengo asteetan beste zeozer ikusten ez badogu, orain denporatxua ikusitako filmaren eszena zaharrak ikusten gabilzala pentsetan jarraituko dot. Eta pozarren esango neuke ha pelikulea kanbiau egin deuskuela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu