Egoerea errepetidu egiten da?

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2010-01-15 01:39

Egunak joan dira eta oraindino ez dakit zer pentsau egunotan pasau danaren inguruan. Azken egunotako jazoerek gogora ekarri dauste ETA p-mko buruzagi izandako batek orain urteak kontau eustana. Ez dakit inoz idatzi ete dodan baina kontau hamaikatxu aldiz kontau dot.

Honek azaldu eustan urte batzuetan zehar burruka armatuan ibili eta gero lagun batzuek planteau ebela borrokeak ez eukala zentzurik eta bertan behera laga behar ebela. Eztabaida sutsua hasi zan euren organizazinoan. Batzuek betiko akabo gura eben eta beste batzuek, barriz, indarkeriagaz jarraitu gura eben. Euren sokako alderdi politikoa (orduko EE) bide politiko soilaren alde egoan.

Jarraitzearen alde egozanak atentadu bortitzakaz hasi ziran, halango erakundeetan beti agertu behar ei dalako indarkeriaren alde. Baina kontrako efektua lortu eben. Gero eta gehiago gura eben aro militarragaz akabo eta minorian egozanak gero eta gogorrago ebilzan.

Azkenean danok ezagutzen dogun historia: ETA p-m desagertu zan eta minoria ETA militarrera joan zan.

Orain, ia 30 urte pasau diranean, antzeko egoerea biziten gabilzala emoten dau. Kontu handiz ibili gurako neuke ez dagoalako argi zer atarako dan prozesu honetatik. Badagoz bide politiko soilaren alde dagozanak. Eraginkortasuna da euren argudiorik nagusiena. Honegaz esan gura dabe bide militarra antzua dala (kontu etikoak aitatzea antzua izango litzake, jakina!!!) Beste batzuek pentsetan dabe oraindino Estadua makurtarazo egingo dabela eta edukin politiko sendoak negoziau egingo dituela pakearen truke.

Nire ustetan, ez da erraza erabagia danona izatea, jarrera batua lortzea ia ezinezkoa dalako. Gogoratu daigun orain urte gitxi, Lizarra-Garaziren porrotaren ondorioz, militante ugari joan zirala erakunde politikotik indarkeriaren jarraipena dala eta. Batzuek Aralar sortu eben eta beste batzuek atara eben Abertzaleen Batasunea orduko Batasunatik.

Zurrumurru piloa dagoz. Batzuen ustetan, danak jarraituko dau bardintsu (jo ta ke segiduko leukie). Hainbatek pentsetan dau erabagia hartuta dagoala eta hemendik gitxira jakingo dogula aro militarra amaitzeko bidean dagoala. Eta ez dira gitxi zatiketea iragarten dabenak.

Zeozer jakiten dogun bitartean espekulazinoak eta apustuak besterik ez doguz entzuten. Bien bitartean, ETBn eguraldi mapea ostera be aldatuko dabe. Baten batek pentsauko dau gai biek ez daukiela zerikusirik. Nik uste dot baietz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu