Rubalcabakeriak eta marrubizko muxua

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2010-01-03 14:58   Bidaide Oraindino itauntzen dautsat nire buruari zertan arraio ebilen Rubalcaba ministroa bere abisua luzatu ebanean. ETA oihartzun handiko atentadua egitekotan egoala esatea ez da, gero, jokabide arduratsua, baina gure gizarte honetan seguridade kontuetan dabizanei behar baino gehiago parkatuten jakela uste dot. Nire lagun batek esaten eustan babes barik dabilen jentea egon behar dala bildurtuta, azken urteotako historiari errepasua egin eta gero ikusten dalako ETAren atentaduak babes barik dabizanen kontrakoak izan dirala. Fernando Buesaren kontra burutu zana izan zan, hain zuzen, bizkarzaina eroan eban pertsonaren kontra egin zan azkena, orain urte piloa. Eztabaidea sakona ei da ezker abertzalearen barruan. Burruka militarra erremedio barik dauka galduta ETAk eta, itxura guztien arabera, asko dira ha ideigaz bat datozanak. Bide politiko soilari eutsi beharko dautse, kontuan izanda ilegalizazinotik politika eraginkorrerako pausua handia dala, malkartsua eta zalantzazkoa. Adierazpen publikoei kasu egin ezkero, badirudi porrota arrakastea bihurtu gura dabela, ustezko lidergo politikoa eskurau guran, baina horreek adierazpenok zentzubakoak dira. Urteotako ibilbide politiko-militarra erabateko porrotagaz amaituko da. Beste era batera esanda, presino militarrak ez dau etekin politikorik izango, ez da izango ez garaipen militarrik ez negoziazino politikorik. Orain arteko bidea antzua dala barneratu egin dau jente askok ezker abertzaleen artean. Eretxi horretara ailegau ziran euskal uritar gehienak orain urte piloa. Ondo etorriak izan daitezala azkenak. Kontua da inok ez dakiala oraindino kontrako eretxikoak asko ala gitxi diran eta, inportanteagoa dana, zer egingo daben kontrako eretxikook euren ikuspuntua inposatzeko. Egunotan etorri jat burura ETA politiko-militarraren burua zan batek orain urteak esan eustana: bere garaian, orain hogei bat urte, zuzendaritzan egoazan batzuek ikusten ebela bide militarra bertan behera laga behar zala etekin politiko barik. Kontrako eretxiagaz etozanak hasi ziran atentaduak egiten, baina euren atentaduakaz behin betiko meniaren aldeko jarrerea indartu besterik ez eben lortu. Orduko jazoereak errepikau leitekez? Auskalo. Baina ez dot uste nik Rubalcabaren amesa eretxi publikoari abisua luzatzea izan danik. Espainiako Barne Ministroak gehienetan dauka ezkutuko asmoren bat adierazpen publikoak egiten dituanean. Auskalo zer lortu gura dauen iragarpen horregaz, baina seguru ez daukala zerikusi handirik izango aitatu dodan eztabaideagaz. Espainiarrak ostera be batu Espainiako gobernuaren gidaritzapean? Krisialdi ekonomikoagaz oso ardurauta dagoan eretxi publikoaren arretea beste leku batera bialdutea? Ez dago jakiterik, baina bakotxak bere lanak egin behar ditu: ilegalizauta dagozanak bukau beharko dabe ditxosozko debate eta Ministroak bere lana bete beharko dau: uritarron seguridadea bermatu mehatxua benetakoa bada. Osterantzean, isildu daitela. Ez dauka zerikusirik goian aitatu dodanagaz, baina pentsetan dodan modura esan behar dot: atzo Porrotx pailazoa eta bere koadrilea ikusten egon nintzan Durangon. Ahots zatarra baeukan be, emonaldi edarra eskaini eban lasartearrak. Jakina da eraso handiak jasan dituala bere ikuspuntu politikoak dirala eta. Horrenbeste kontuan ez nator bat bere ideiakaz, baina profesionaltasuna autortu behar da aurrean danean. Eta Xabiertxoren jauziek eta irribarreek ez daukie preziorik. Marrubizko muxua euskal neska-mutilak alaituten dituan koadrila osoari eta zaindu eztarria, Porrotx!!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu