Kudeaketea eta komenientzia

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2009-11-25 21:22   Musikea

Gasteizen dagoan Gobernuak herria txarto baino txartoago kudeatzen dauela esateko ez da oso itsua izan behar. Uritar piloa bat dator eretxi horregaz. Kalean dagoan inpresinoa da.

Egia da Lopez Lehendakariak esan dauen modura Alakrana ontziaren arrantzaleek sufridu dabenaren errua piratena dala. Baina egia da, bestalde, urteak pasau dirala armadoreek ontzientzako babesa eskatuten eta Lopezen alderdiko nagusiek behin eta barriro ezetz eta ezetz erantzun dabela. Gobernuak ez dagoz manifestazinoak egiteko (eta egia da ohitura txarrak hartu doguzala gurean azken urteotan) uritarren bizitza eta bizimodua bermatzeko baizik. Eta zeregin horretan gabezia handiak agertu ditu Alderdi Sozialisteak.

Lan fina dabil egiten Lopezen gobernua euskal nortasuneagaz zerikusia daukan guztia ezabatzeko orduan. Kutsu espainola daukana ondo etorria da zenbait gune ofizialetan. Normala ei da Espainiako Selekzinoa euskal futbol zelaietan ikustea edota Espainiako Bueltea euskal errepidetatik pasetan ikustea. Ez ei da normala uritar askok Espainiagaz zerikusirik daukan guztia beste lurralde batena dala pentsetea. Zenbat dira halan pentsetan dabenak? Asko? Gitxi? Inok ez daki, gu danak zenbatuteko moduko galdeketea egin gura izan zanean galarazo egin izan ebalako Espainak “demokraziaren izenean”.

Karetea kendu dabe unionistek, euren benetako arpegia agertuz. Pentsetan dabe oraingo egoereak luzaroan jarraituko dauela edo, behintzat, denporea izango dabela bertoko populazinoa euren jarreratara ekarri ahal izateko. Baina egoerea goitik behera aldatu leiteke udal eta foru hauteskundeetan.

Kasu gitxi egin jako Tasio Erkiziak aste honetan esandakoari. “Hau ez da borroka armatuaren sasoia”. Egunotan ilegalizautako ezker abertzalearen bozeroaleek adierazo dabena modu askotan uler leiteke, baina argi dago ETAren estrategiak porrot egin dauela eta beste bide bat derrigor hartu beharko dabela. Panpina modu baten ala bestean jantziko dabe, baina ETAk ez dauka indarrik garaipen militarra eskuratzeko. Are gehiago, ez dauka indarrik Estadua negoziazino mahai batera eroateko, bere ekintzek Estadua indartu egiten dabelako. Lehengo Batasuna, Herri Batasuna, EHAK edo dana dalakoagaz lan egiteko prest agertu diranek behin eta barriro eskatu deutse “euren kabuz, musu truk eta betiko” hartu beharreko erabagia, borroka armatua indargabetzearena. Itxura guztien arabera, ez dira gitxi Ezker abertzalearen barruan eretxi horregaz bat datozanak. Arrakastarik izango ete dabe?

Eta behin erabagia hartuta, pentsau beharko dabe zer egin euskal mapea politikoak instituzinoetan isladea izan dagian. Gaur egungo ha isladea ez jako komenidu Jaurlaritzeari. Seguru nago ha egoerea be txarto kudeatuko dauela Lopezen gobernuak. Edo ondo baino hobeto, euren komenientziatik ikusita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu