Alakrana ontziarena beste Zapaterokeria bat

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2009-11-16 16:04

Ez da erraza eretxi sendorik emotea Alakrana itsasontzian jazo danaren ganean. Pentsetan dot etorten jakuzan informazino gehienak interesauta izan ta izango dirala eta uste dot denporea pasau beharko dala esan beharrekoak esateko modua izan arte.

Hasteko, eretxiak emoten gabilzanok kontu handiz ibili behar ei dogu emoten doguzan informazinoak eta eretxiak erabiliko ei dabezalako bahitzaileek edo bere itzalpean aberasten diranek. Beste kontu batzuk be gure patrikeran gorde behar doguz arrantzaleek familia daukielako eta ezin deutsegulako euren sufrimendu latzari sufrimendu gehiago erantsi. Kontuak kontu, daborduko, Bermeoko barkuaren arrantzaleek 40 egun baino gehiago emon dabez bahituta eta inok ez daki noiz arte jarraituko daben halaxe.

Erruduna nor danaren ganean eretxiak eta erasoak alkarri botaten ibili izan dira komunikabideetan, familiek eta gobernu biek (Espainiakoak eta Euskadikoak) isilduteko eskatu daben arte. Erderaz argitaraten diran komunikabide gehienek eztabaidea ia ia isildu egin dabe.

Euskeraz idatzi izateak askatasuna emoten deust gura dotena esateko: bahitzaileek daukie erru nagusia, zalantza barik, baina Espainiako gobernuak ikaragarri txarto kudeatu dau krisialdia eta krisialdiaurrekoa, ardura falta handiagaz eta neurria inondik be emon barik.

Orain denpora batetik honantza behin eta barriro eskatu eben babes armatua itsaontzien armadoreek eta behin ta barriro erantzun dabe Espainiako gobernutik legalki ezinezkoa zala halango eskakizunari baietza emotea. Orain, Alakrana bahituta dagoanean posible ez zana posible da eta komunikabideek erakusten deuskuez armautako gizonak itsaontzietara joaten. Di-da batean konpondu dira lege oztopoak. Zenbat guzur esan dituan eta zelako itxikeria izan dauen hilebete honeetan Chacón “Defentsa” ministroak!

Ezin dot onartu Maria Teresa Fernández de la Vega gobernuko presidenteordeak esandakoa, hau da, itsasoan ibiltea lan arriskutsua dala eta ezin dala itsasontzien seguridadea bermatu lar garestia zalako. Esango ete deusku Fernández de la Vega andereñoak zenbat gastetan dauen Espainiak politikarien seguridadean? Ez dot esan gura politikoak edo euren seguridadea sobran dagozanik, baina seguru nago itsasontziena askoz merkeagoa dala politikoena baino. Ganera, bere argudioari jarraitu ezkero, politikariena lan arriskutsua dala kontuan hartuta, diru mordoa aurreztuko geunke uritarrok krisialdi ekonomiko honetan horreei babesa kendu ezkero. Eta hau Espainiako gobernuan gehien balio ei dauena da!!!

Sinistarazo egin euskuen uritarroi Garzón epailearen ekimena izan zala atxilotutako piratak Madrilera eroatearena. Orain jakin izan da Zapateroren gobernuak eskatuta eroan ebezala. Eta, prentsaren informazino batzuek dinoenez, Lopez Lehendakariak bere onespena emon ei eutsan piratak Madrilera eroateari. Piratetako batek 18 urte, 16 edo 15 eukazala erabagiteko antolau dan zirkoaren ardurea norena dan ez dakit ondino. Beno, bai: Espainiako Justiziarena.

Bahitutakoak ondo egozala adierazoten zan Madrileko gobernutik. Ontzitik etorri jakun informazinoaren arabera, ez dabilz horren ondo pasetan honeek egunok. Ur nahikorik ez, gizon armatu eta zoroen goardiapean eta atzerriko herri batean.

Inportanteena arrantzaleak askatzea da. Diru piloa pagau beharko da eta piratak askatu edo horreen truke diru gehiago emon. Somaliako "gobernua”-gaz berba egiten dabilzala entzun behar izatea be bada, gero! Uritarrak tontotzat hartzea da hori. Behin bueltau eta gero kontuak eskatzeko momentua etorriko da. Egoera latz baten aurrean horren eskaxa dan gobernuak egur politiko galanta hartu beharko leuke, baina danak dauka bere momentua, baita egurrak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu