Ospatu baino irakatsi
2009-10-26 13:46Estatutuaren aldeko festa ospatu zan atzo. Ospakizun instituzionala, ez uritarrona. Bete barik dagoan lege baten aldeko ospakizuneak lekuz kanpo dagozala uste dot. Eta honeek ospakizunok Estatutua beteta izan ez daiten ahaleginetan ibili izan diranon eskutik datozanean are gehiago.
Baina eguneko kontu politikoak alde batera itxita, ez jat gustetan atzoko egunaren inguruko konturik inportanteena ahaztuta lagatea. Inor gitxik gogorarazoten deusku zergaitik aukerau zan Urriaren 25a Gernikako Estatutuaren erreferenduma egiteko.
Jente askok ez daki euskaldunok mendeetan zehar gure burua antolatzeko gure legeak izan genduzala: foruak. Beste horrenbestek horri buruz zeozer badakie, baina ez dabe gogoan izaten beronen garrantzia.
Honeek legeok bertan behera geratu ziran Iparraldean Frantziako Iraultzearen ondorioz. Hegoaldean, ostera, desitxurauta izan ziran 1839ko Urriaren 25ean Espainiako Konstituzinoaren menpean imini ebazanean Gerrea Karlistaren ondoren. Kasu bietan, inposaketearen bidetik eta bertokoen eretxiaren kontra.
Hortik gitxira foruzaleen mobimentuak foruen berrezarpenea aldarrikatzen hasi ziran, alperrik baina. XIX. mendearen amaiera abertzaletasun politikoa sortu zan.
Orduko abertzale batzuek independentzia aldarrikatzen eben. Beste batzuen helburua Espainiako konstituzinoaren menpean ez egotea zan. Bide desbardinen arteko loturea 1839ren aurreko egoerearen aldarrikapena zan.
Beste indar politiko batzuekaz batera, abertzaletasuneak Estatutua aldarrikatu eban urte luzeetan, sarritan arrakastarik barik. Frankoren matxinadea izan zanean, Estatutua etorri zan Madrileko Gorteetatik. Urteetan ezinezkoa zana posible izan zan aste gitxitan.
Frankoren diktadurearen ondoren, Gernikako Estatutua etorri zan. Eta “kasualidadez†Urriaren 25ean egin zan erreferenduma, orain 30 urte, gogorarazoteko oraindino badagoala konpondu bako arazo politikoa. Gogorarazoteko nahiz eta oraingo Estatutua Espainiako Konstituzinoaren menpean egon, garai batean euskaldunok ez ginala egon Espainia eta Frantziako legedien azpian.
Era berean, Juan José Ibarretxek defendidu eban Estatutu Politiko Barriaren kontsultea be Urriaren 25ean gura eban atara. Kasualidadea? Ez horixe.
Ikusitakoaren arabera, uste dot nik pedagogia handia egin behar dogula euskaldunok gure zergaitiak hobeto ezagutu ahal izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!