Espainiako ekonomia norabidea galduta

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2009-09-07 13:04

Gero eta argiago ikusten dot Espainiako gobernuak ez dakiela zer egin krisialdi ekonomikoari aurre egiteko. Azken egun honeetan uritarrok ikusi dogun espektakuluak horixe bera frogatzen dauela uste dot.

Kontu luzea izango litzake zer jazo dan eta zergaitik azaltzea. Adreiluan oinarritutako ereduak amaiera mingotsa izan dauela esan behar da. Espainiako ekonomiaren hazkundea eraikuntzan oinarritu dala esatea ez da, gero, guzurra izango. Orain gitxi irakurri dot datu esanguratsua: saldu barik dagoan etxebizitza kopurua Estadu Batuetan dagoan erdia dala. Eta jakin badakigu danok Estadu Batuetan askoz jente gehiago bizi dala Estaduan baino.

Zenbakiek Espainiako gobernuaren ezintasuna erakusten dabe. Europako herririk aurreratuenetan, krisialdiak askoz langabezia gitxiago ekarri izan dau Espainiako estaduan baino. Alemania eta Frantzia zulotik ataraten hasi dirala emoten dau Espainiak zulorantza ziztu bizian jarraitzen dauen bitartean.

Hasteko, Espainiako gobernuburuak hilabeteetan ukatu eban krisialdi ekonomikoa bera. Eta krisialdia ukatuta, nekez egin leiteke ezer honi aurre egiteko. Hau gitxi bazan, balore ekonomikorik ez eukien erabagiak hartu ebazan gobernuak hasikerako momentutik: haur jaiobarriei emon beharreko 2.500 euro, herrietan obra txikiak egiteko dirua, Errentaren ganeko zergan egin izan diran deskontuak eta abar luze bat. Honen ondorioz, Estaduaren defizita Europako altuenetakoa da.

Uritar askok esango deustie Estaduaren defizita ez dala, gero, gure problema, baina gogoan izaten badogu zorretan janda dagoan Estaduak ezin dauela zerbitzurik emon eta honeek zorrok uritarrok ordainduten doguzala, argi izan beharko geunke Estaduaren kontuen arazoak gure arazoak be badirala. Hobeto esanda, gureak baino gure poltsikoei eragiten deutsienak.

Egunetan ibili dira Madrileko gobernuaren bozeroaleak zergak igon behar zirala esaten zeintzuk igon behar zirala esan barik. Orain, badirudi kapitalaren ganeko zergak igon beharko dirala. Eta, jakina, jente apalaren txaloak eskuratu gurarian egin dabe iragarpena, Zapaterok bere ibilbide politikoan zehar sarritan egin dauen modura. Inor gitxik esplikauko deusku uritarroi horreek zerga igoerok berpizkunde ekonomikoaren kontra jokatuko dabela.

Danok ulertuko dogu lanpostuak inbertsinoen ondorioz sortzen dirala. Inbertsino bat aurrera atarako dan ala ez erabagiteko zenbateko etekina emongo dauen izan behar da kontuan. Eta inbertsino baten etekina kalkuletako orduan zergak izan behar dira kontuan: zenbat eta zerga gehiago orduan eta etekin gitxiago. Eta etekin txikia edo bape etekinik izango ez dabezan inbertsinoak ezerezean geratzen dira. Eta gauzatzen ez diran inbertsinook ez dabez sortuko lanpostu barririk.

Eta hori gitxi bazan, ez dot pentsetan nik aberatsok lehen baino diru gehiago pagauko dabenik zergetan. Badagoz formulak aberatsok zergatan diru gitxiago pagau daien: SICAV dalakoak, esate baterako. SICAV baten bitartez etekinen ehuneko bat (bai, %1) pagetan dau jaubeak, uritar arruntok baino askoz gitxiago. Enpresa edo pertonen ganeko zerga arruntari jagokozan zergak pagau barik, SICAV bat antolatzen dabe eta beronen bidez eskuratzen dabez beren diru guztiak. Eta, jakina, SICAV dalakoak ez dagoz gu lako personen eskura. Horreek megaberatsen, punta-puntako futbolarien eta abarren esku baino ez dagoz. Seguru nago horreek SICAVok lehengo modura jarraituko dabela edo aldaketa txikia izango dabela. Aldatu egin ezkero atzerriko leku batera joango dira horreek diruok zergarik ez pagetako.

Beraz, benetan dinotsuet: kapitalaren ganeko zergak igoteak ez dau krisialdi ekonomikoa konpontzen lagunduko. Are gehiago, ez dot uste Estaduaren defizita txikitzen lagunduko  dauenik. Baina, hori bai, danok esango dabe ha erabagia oso oso aurrerakoia izango dala. Eta hemendik denpora batera erabagiaren ondorioak danok sufriduko doguz, zalantza barik. Eta gurean Jaurlaritza barriak bide bardina jorratu gura badau, ikusiko dogu Aldundiek horren ganean zer pentsetan daben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu