Jaien politizazinoa dala ta

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2009-08-17 01:47

Bilboko Aste Nagusia martxan dago. Eta ostera be zentzunik bako mezua zabaldu da: 'ez politizau jaiak'.

Badakigu nori zuzentzen jakon mezua: ezker abertzaleari.

Ezker abertzalea jai giroan ezin hobeto mobidu da betidanik. Euren erreibindikazinoak (sarritan beste batzuenak be ziranak) eta euren presentzia paisajearen parte ziran (dira) jai-guneetan.

Halanda be, ez dira aurtongo jaiak politizetan dabizan bakarrak. Bilboko jaietako txupinerea aukeratzeko orduan alderdi konstituzinozaleek euren desadostasuna agertu dabe Sonia Polo ETAko preso baten arrebea dalako. Beste era batera esanda, arrazoi politikoak dirala eta, ez eben aukereaketea ontzat hartzen. Eta ez dira mahai azpitik ibili, bildurrik barik baino. Giroa berotzen ahalegindu izan dira jaiak eta politikea nahastuz. Ganera, ahaztu egiten dabe nebea dala ETAkoa eta ez Sonia Polo. Badauka Soniak bere nebearen delituakaitik ezer ordaintzeko beharrik?

Baten batek bere ekarpena egin gura izan dau bala-mehatxua bialduz Sonia Polori. Orain gaitzespenak alde guztietatik datoz baina egunetan ixilik geratu ez diranak ez dabe ezelango damurik agertu.

Era berean, Pirritx eta Porrotx pailazoak kontratetako orduan be danatarik entzun behar izan da. Eta zergaitik? Hain zuzen be, partaideak ezker abertzalekoak diralako. Eta zer? Pailazoak kontratetako be ikuspuntu politikoak hartzen dira kontuan? Burutik eginda gagoz ala tontotuta? Nik neuk be euren materiala erabilten dot etxean Xabier semeari gustetan jakolako. Ni ez naz ezker abertzalekoa eta bera urte bi bete ez dituan umea baino ez da.

Horrexegaitik uste dot zentzunik bakoa dala jaiak ez politizetako deia. Zentzunik bakoa eta alperrekoa. Altu berba egiten dabenak ixilik geratu beharko litzatekez. Sasoi batean jai giroa eta politikea nahasten ezker abertzalekoak ibilten ziran. Eta ardurabakoak ziran hori egiteagaitik. Orain politikari 'serioak' ikusten doguz jaiak politizetan. Eta ikusiko dogu zer gehiago eskaintzen deuskuen Bilbon ondorengo egunetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu