Demokraziaren izenean?
2009-08-10 00:32New Yorkeko Dorre Bikotxen kontrako erasoa izan zanean eztabaidea biztu zan Sartalde osoan. Demokrazia defendiduteko ze bide erabili leitekez eta zeintzuk dira gainditu ezin diran mugak?
Estadu Batuetan eta Erresuma Batuan askatasunak murriztuten zituan legeak kaleratu zituen. Demokrazia arriskuan egoan eta zilegi zan askatasunean amore emotea segurtasunaren trukean.
Orain, urte batzuk pasau diranean ikusi da bide hori antzua zala. Demokraziaren baloreak defendiduteko ezin da demokrazia bera kolokan imini. Demokrazia demokraziaren baloreak indargabetzen defendidutea goitik beherako kontraesana da.
Gitxiago, ganera, adierazpen askatasunari jagokonean. Eskubide honen mugak non dagozan eztabaidatu da gure inguruko estadu gehienetan. Besteak beste, banderea erretea jarrera politikoak adierazoteko legala ete da? Estadu Batuetan eta Erresuma Batuan Epaile Gorenek erabagitakoaren arabera, euren estaduetako banderak erre leitekez, adierazpen askatasuna goi mailako eskubidea dalako.
Gurean, terrorismoaren kontrako burrukan gure inguruko estaduek baino gehiago murriztu ditue eskubideak. Egunero-egunero irakurri eta ikusten dogu kartelak eta pankartak kentzen dituela, manifestazinoak galarazo dirala, sentsibilidade politiko jakin baten adierazpen politikoak murriztu egiten dituela. Eta, antza, ezin da horren kontra ahotsa altxau 'terrorismoa lejitimau' egiten dalako.
Ez dot ukatuko nik sentsibilidade horren inguruan mobiduten diran askok gehiegikeria eta barrabaskeria piloa egin dituela, baina azken urteotako lege aldaketak etorri ziran arte, persona jakin batek egindakoak ez eban zikinduten bere ingurua. Beste era batera esanda, delituak personenak ziran, eta ez erakundeenak.
Orain urteak euskal politiko euskaldun batek 'Nosotros los demócratas' behin eta barriro errepetiduten ebala eta uritarrok haren kontura hamaikatxu txiste eta barre egiten genduzan. Orain, demokraziaren izenean, terrorismoaren kontrako burrukearen atxakia hartuta, demokrazia normal bati jagokozan eskubideak zapalduten ditue. Eta ezin dogu txintik esan edo demokraten kabitik bialdu egingo gaitue.
Ahaztu egiten ditue 'garai barriko demokratek' Franziako Iraultzan esandakoa: 'Gorroto dot persona horrek esan dauena, baina nire bizitza emongo neuke gura dauena esateko daukan eskubidea defendiduteko'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!