50 urte
2009-08-03 01:58Eurak sartu dira zuloan eta eurek egin beharko ditue ahaleginik handienak atara ahal izateko. Badaukie gogorik, indarrik eta asmorik zulotik atarateko?
Euren 50. urteurrena ospatu gura ei eben Burgosen eta Mallorcan. Ospatzeko modu bitxia, alajaina!! Pertsona arruntok parrandak antolatuten doguz ospakizunak egiteko, apariak, lagun arteko poteoak... ETA erakundearen ohiturak ez datoz bat euskaldunon jokabideagaz. Azken bolada honetan diskurtso politiko ofizial jakin bat zabaldu da gurean: ETAren indarkeria 'deslejitimau' behar da. Horrek esan gura ei dau noz edo noz legebidezkotu egin dala indarkeria. Ez dot uste inok pentsauko dauenik nik indarkeri politikoa inoz arrazoitu egin dodanik, baina indarkeria politikoaren ganean hausnarketea egiteko arrazoi politikoak gogoan izan behar dirala uste dot. Hasteko, esan behar da ETAren indarkeria euskal gatazka politikoaren ondorioetako bat dala. Halanda be, ez da derrigorrezko ondorioa. Euskal gatazkak 170 urte daukaz; ETAk 50 baino ez. Arazo politikoa ETA baino arinagokoa da eta seguru nago ETAren ondoren be arazo politikoa konpondu barik egongo dala.
'Etologoek' dinoe ETAk burruka armatuagaz jarraitzen dauala Loiolan orain hiru urteko bake prozesutik etekin politiko urria atara ebalako. Daborduko alkarrizketearen bidez eroaten dan hirugarren bake prozesu izan da eta hiruretan pentsau egiten ei eben Ezker abertzaleko buruek 'hurrengoan bai' lortuko ebela. Errealidadea beste era batekoa da: urtean ehun hildako izaten ziranean Estatuak ez eban amore emon eta orain lantzean behin atentaduak dagozanean are gitxiago. Orain atentaduek izaten daben babes mediatikoaren ondorioz Espainiako uritarrok bat egiten dabe euren gobernugaz jarrera tinkoak agetzeko orduan. Perspektiba apur bategaz ikusita, ezker abertzalearen kontrako xaxaketea gero eta sendoagoa da. Euren erantzun politikoa, ostera, gero eta ahulagoa. Egoereari bueltea emoteko aukerarik ez daukie. Ez da erraza akatsak onartutea. Are gutxiago euskal politikagintzan. Loiolan eskaintzen eutsena gitxi zalakoan mahaitik altzau ziranek akats politiko galanta egin eben. Une haretan ez egoan gehiago atarateko modurik.
Ondorengo urteetan, seguruenik, gitxiago atara ahal izango da. Euskal uritarrak gero eta nazkatuago gagoz ETAren indarkeriagaz. Jakin badakigu Espainiako sasidemokrazia honetan ez dala egia idei guztiak defendau egin leitekezanik. Hobeto esanda, defendidu dana defendidu daiteke, ideiak gauzatzea eta errealidadera eroatea beste era bateko kontua da. Baina hori onartuta, gero eta gehiago kostetan jaku mundu hartatik jatorkuzan alkartasun deiakaz bat etortea. Erasoak jasaten ditue boteretik, bai, baina horrek ez dira zerutik etorritako aingeru garbiak. Eurak sartu dira zuloan eta eurek egin beharko ditue ahaleginik handienak atara ahal izateko. Badaukie gogorik, indarrik eta asmorik zulotik atarateko?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!