Sufrimendua eta morboa
2009-07-23 21:53Egunak pasau dira baina oraindino bueltaka jabilt buruan: zelan itxi leiteke urte biko semea kotxean ahaztuta eguzkitan?
Xabiertxo gureak urte bi egingo ditu hemendik gitxira. Ez dot nire burua imajinetan Xabier haurtzandegira eroan barik, kotxean ahaztuta, eguzkipean laga eta beharrerako bidea hartzea. Eta nik, danon modura, horrenbeste kontu eta eginbehar ahaztuten ditut egunean. Esan gura dot, ez naz besteak baino hobea.
Horrexegaitik uste dot nik galderea beste era batera planteau beharko geunkela: zelako bizimodua daroagu ume txikia ahaztuteraino eroaten gaituana?
Familia eta beharra bateratzea berba hutsa da gure inguruko jente askorentzat, ordutegi zabal eta malguak eskaintzen dituen haurtzandegiak topetea ez da erraza, krisialdi ekonomikoaren ondorioz ama gazte langileen ganeko presinoa areagotu egiten da… Horri gehituten badeutsagu sarritan trafikoa inpernu bihurtzen dala, ez da horren harritzekoa egun petral haretan jazotakoa.
Inpernua eroango dau soinean amak betiko. Erruduna bera eta beste inor ez dala izan pentsauko dau bere bizitza osoan. Andra gixajoak biziko dauen sufrikarioa imajinetan dot eta jasanezinezko kargea izango dala seguru nago.
Hori esan eta gero esan behar dot jasanezina iruditu jatala komunikabideek jazoerearen ganean izan daben jokabidea: kotxea atara egin dabe matrikula eta guzti (danok ikusi daigun non jazo dan kontua, antza), hori gitxi bazan gurasoen irudiak be ikusi doguz (danok ikusi daigun nortzuk diran fundamentu bako gurasoak, seguru). Eskerrak emon beharko deutseguz euren arpegi eta helbideak ez deuskuezalako emon. Eta bihotzez gogorrena iruditu jatana: Oier gixajoak zoritxarreko egun haretan jasan zituan sufrimenduen detaile guztiak emon euskuezan. Akordetan naz telebistari audioa kendu neutsala nazkatuta. Morbo klaserik zikinena iruditu jatan ordukoa. Eta ez zan izan telebista pribadu morboso horretako batean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!