AC/DC ikusten hauteskunde egunean

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2009-06-11 01:51 Hiru egun pasau dira eta buruan bueltaka jarraitzen dot. Zelako kontzertua AC/DCk Bartzelonan eskaini ebana!! Postaren bidetik botua emon eta gero Mediterraneo aldera abiatu nintzan. Ez neban uria ezagutzen eta ikusi nebazan txokoak txundigarriak iruditu jatazan. Kontuak kontu, Lluis Companys futbol zelaian sartu nintzan rock-gaua disfrutatzeko asmoagaz. Musika inportantea bada, ikuskizuna be punta-puntakoa izaten da eskoziar-australiarren bandearen kontzertuetan. Eta ez eben huts egin: kanpaia, kainoiak, trena, panpin puzgarri erraldoia, Angus bihurriaren strip-teasea, eta estadioa birrintzeko moduko martxea. Iturribide kaletik poteak hartzen hasi nintzanetik (orain urte mordoa, Bon Scott bizirik egoan ondino) gustau izan jatan AC/DC. Garai haretako kanta batzuk jo ebezan: Hell ain`t a bad place to be, Whole lotta Rosie, Dog eat dog, The jack eta jakina, Highway to hell kanta ezaguna. Garai “modernoaren” kanta ezagunak be entzun genduzan: Hell`s bells, Thunderstruck edo Back in black. Baina gaur goizean lagun bati azaldu deutsat faltan bota nebazala klasiko batzuk: Riff raff, Rock and roll damnation edo High voltage rock and roll kanta mitikoa. Zer egingo dautsagu, baina!! Horrenbeste dira bandearen klasikoak eta disko barriaren kanta batzuk be jo behar ziran. Foko gehienak Brian Johnson eta batez be Angus Youngeri begira egozan. 54 urte ei daukaz Angusek. Halanda be, seguru nago kiloak galduten dituala kontzertu bakotxean. Ez jat iruditzen gitarra jole birtuoso horreetakoa, baina badaki espektakulua sortarazoten. Ha martxea berea, alafede!! Kontzertutik hotelera bueltan hauteskundeen ganeko informazinoa ikusita erabagi neban hoba zala kontzertua gogoan izatea. Jazotakoaren ondoren, abertzaleok, ildo guztikook, badaukagu hausnarketea egiteko preminazko beharra. Portzierto, AC/DCren birearen kamisetatan detailetxo bitxia: birako urien ondoan, datea eta herrialdea, Paris FR, Madrid ES, Berlin DE, Barcelona ES, Bilbao ES, London UK eta Glasgow SC. Nahiz eta bizitza ia osoan Australian bizi izan, jatorriz Young anaiak eskoziarrak dira. Deigarria, ezta?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu