Hausnarketa eguna

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2009-06-06 22:42   Euskaldunak munduan

Hausnarketa eguna da gaurkoa. Uritarrok hausnartu edo pentsau egin beharko geunke bihar emongo dogun botuaren inguruan. Lan hori errazteko, kanpainarik ez dago gaur.

Zorionez edo zoritxarrez ez daukat gaur pentsetako behar handirik. Izan be, postaz emon neban nire botua joan dan astelehenean.

Eta eskerrak emon nebala nire botua. Halan ez deutsat kasu handiegirik egin kanpaineari, aurtongoa negar egiteko modukoa izan da eta. Liderra, zalantza barik, Leire Pajinek botatako pitokeria izan da azpimarragarriena. Zapatero eta Obamaren lidergoak Europan eta Estadu Batuetan alkarren ondoan egongo dirala esatea uritarrok memelotzat hartutea da.

Europaren ganean berba eder eta potoloak esaten dira baina oso proposamen gitxi entzun dira. Jakin badakigu kontu oso inportanteak erabagiten dirala Europan baina ez da erraza jakitea alderdiek eskaintzen deuskuezan esloganen atzetik zer dagoan.

Ganera, Estadu mailan alderdi bi baino ez dagozala emoten dau. PP eta PSOE zaunka ikusi doguz, alkarri danetarik esaten. Eta “guzurra” dirudi, hemen alkarri lagunduten dabilz eta. Are gehiago, seguru nago hauteskundeen ondoren, irudi “ez-frontista” emon behar izango ez dabenean beste pausu bat emongo dabe euren frentismo espainiarrean.

Garoñako zentral nuklearraren etorkizuna be argituko da datorren astetik aurrera. Martxan jarraituko dauela emoten dau. Barri onak (zentrala bertan behera geratuko zala zabaldutea, edo) kanpainan zehar zabaldu leitekez. Jentearen gustoko ez diranak (zentralak martxan jarraituko dauela, edo) kanpainearen ostean zabalduko dira.

Edozelan be, kanpainan zehar lehertu dan bonbea EAren zatiketearena izan da. Bere garaian zatitu zana hogei urte geroago zatituten da. Eta historia errepetidu egiten da: gitxiengoak demokrazia eza salatzen dau alderdiaren barruan, gehiengoak karguak erreklametan ditu, gitxiengoak babes soziala daukala baieztatzen dau, gehiengoak ez dauka maniobrea geldituteko modurik.

Hori bai, Garaikoetxea, Ibarrondo, Amezketa eta ganerakoak, orain hogei urteko historia lubakiaren bestaldetik dabilz biziten. Eurak ziran orduan alderdi batetik joan ziranak karguak bueltau barik min handia eraginez. Orain bota dabezan argudioak eta berba potoloak euren kontra erabili ziran orain hogei urte. Zelako bueltak emoten dituan historiak!!

Nire ustetan, EAri minik handiena egiteko aukeratu dabe Alkarbidekoek une hau. Esana daukat alderdi abertzale larregi dagozala eta baten bat desagertu edo beste bategaz bat egin beharko leukeela politika sanoa egin ahal izateko. Baina ez dot uste nik izan beharreko berrantolaketa prozesua hauteskunde kanpainan zehar emon beharko litzakeenik.

Kontuak kontu, bihar gabaz jakingo dogu “tarteko helmuga” honetan zelan heltzen diran alderdi politikoak. Nire pedalkadea postariak eroango dau urnara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu