Eperdi kontuak
2009-05-03 19:44 BarriketanEgunotako prentsan ikusitakoaren arabera, Carla Bruni, Frantziako presidenta italiarra Espainian izan da bisitan. Bere herriaren irudia (Frantzia? Italia?) saltzera etorri dala esan leiteke.
Egunotan Espainiako ordezkaririk nagusienak bisitetan ikusi dogu Bruni. Botuen bidetik erabagiak hartzeko eta bisitak hartzeko aukeratu genduan Letizia beragaz egon ei da bilduta. Eta prentsak azaldu deuskunaren arabera, eperdiak dira euren alderik inportanteenak. Ez dot esango andreek eperdiagaz pentsetan dabenik hori baino gitxiago esatearren lagun batzuk epaitegietara bialdu dabez eta. Esaten dot eta esan gura dot oso serioak ei diran egunkari batzuetan andra bi honeen eperdiak eguneko irudi nagusi lez atara dabezala. Euren alderik inportanteenak, antza.
Egunkariak zabaldu eta harridureagaz egiaztatzen dot honeek androk ez dirala, hain zuzen, goi mailako bisita honen benetako protagonistak. Carla Bruni monsieur le presidentaren emaztea da eta Letizia Espainiako printzearena. Bilerearen protagonistak, baina, Sarkozy eta Zapatero presidenteak izan dira. Halangorik!
Egia esanda, ez daukat bape argi ezer erabagi ba ete eben agintari biek. Inok ez deust argitu bileratan gure bizimoduagaz zerikusirik daukan ezer eztabaidatu ete zan. Argi daukat, ostera, andra elegante biek (lar argalak eta ez oso politak, nire gusturako) bileren protagonismoa eskuratu dabela. Bilerearen edukina garrantzi bakoa zalako edo?
Kontu serioak baztertzeko joerea dago gure gizartean. Irudia inportanteagoa da edukina baino. Krisialdi ekonomiko larrian gagozala esatea inor gitxik ukatuten dau, Zapatero presidenteak kenduta. Ez dot entzun zelan atarako garen krisialditik agitarien esfortzuei esker. Seguruenik formularik ez daukielako. Edo formulen ganean eztabaidatzea ez zalako bilerearen helburua, glamour norgehiagoka baino.
Gaur egungo agintariek, larrialdia arinduteko edo, panem et circenses, eskaintzen deuskue. Edo kasu honetan, makilaia eta eperdiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!