Lau miloi langabetu
2009-04-28 02:04 BertsolaritzeaZenbakiak pisu haundia dauka: lau miloi lagun lan barik. Honek isladatzen dau Espainiako eredu ekonomikoaren porrota, eta honegaz batera Zapatero presidente espainiarrarena.
Eraikuntzan oinarritu da azken urteotako Espainiako hazkunde ekonomikoa. Etxeak saldoka eraiki izan dira estatu osoan zehar, batez be zonalde turistikoetan. Horrek horrenbeste lanpostu sortu ebazan. Honegaz batera, eraikuntzaren inguruan joaten diran alorrak: elektrotresnak, altzairuak,… Interes tasa baxuek lagundu egiten eben oso erraza zalako zorretan sartzea. Bankuek ia ezebe galdetu barik emoten ebezan kredituak. Hori guzti hori pikutara joan da.
Krisialdia nazinoarte mailakoa da, zalantza barik, baina burbuila inmobiliarioa izan dan lekuetan bere eragina handiagoa da beste lekuetan baino. Estatu espainiarra Euroan lanpostu gehien galtzen dituen estatua da.
Krisialdi ekonomikoagaz batera krisialdi politikoa dator. Zapatero presidenteak ez dauka sinisgarritasunik egoerari aurre egiteko. Krisialdia bera ukatu izan eban lehenengo momentuetan. Onartu eta gero hartutako neurriek ez dabe lagundu egoereari bueltea emoten, txarto zuzenduta edo, beste barik, pitokeriak ziralako. Honez ganera, ez dauka behar beste indarrik parlamentuan neurri sendoak hartuteko. Eta hau guztia gitxi bazan, zabalduten dauen informazinoa sinisgaitza da. Hamaikatxu bider agindu dabe gobernukoek ekonomia segiduan berpiztuko zala eta ez dabe inoz asmau (edo guzurra esan deuskue). Beste eragile batzuek aurreikusitako iragarpen makalak bete egin dira, nahiz eta gobernuaren bozeroaleek horreek iragarpenok bete egingo ez zirala behin eta barriro esan.
Esan beharrik ez dago hemendik sei astera izango diran Europako Parlamenturako hauteskundeetan zigor majua espero dala Zapatero presidentearen kontra. Eta honegaz batera popularren zentsura mozinoa.
Eta gurean? Gobernu ahula eta programea bakoa espero da (zelan uztartu leitekez PPren eta PSOEren programak?) Ekonomi alorreko sailburuak badakigu zeintzuk izango diran? Auskalo, baina onartu beharko dabe hemen, ustez zilborrari begira gagozan honetan ekonomi kontuetan askoz hobeto egin dirala beharrak ganerako komunitateetan baino. Eta Espainian porrot egin daben formulak martxan iminiten badabez zulora joango gara euren modura.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!