Horra emoitzak
2009-03-03 01:15Hauteskundeen emoitzak mahai ganean dagoz. Ibarretxe garaile eta unionistek gehiengoa daukie Legebiltzarrean. Ikusi beharko da kanpainan zehar esan zana beteten dan edota sorpresarik daukagun. Eta sorpresaz ganera, erabagien ondorioak.
Gaur egun posibilidaderik gehien daukan gobernu formulea Patxi Lopezen aldekoa da. Alderdi sozialisteak ez leuke arazorik izango popularren eta Rosa Diezen botuak lortzeko inbestiduran. Gobernatzea gatxagoa izango litzake, eta horixe da koxka.
Unionisten batasunak beste ondorio bat izango leuke: Zapaterok jeltzaleen babesa galduko leuke Madrileko Kongresuan. Baina, bestalde, sozialistek Galiza galdu eta gero ez dau emoten alkargo biak batera galtzeko prest dagozanik. Eta ez daigun bistatik galdu hemendik gitxira Europako Parlamenturako hauteskundeak datozela eta Estadu mailako lehia oso gogorra izango dala.
Apuntetako modukoa izan da bizi dogun kanpainea: ustelkeria kasu mordoa kaleratu dira azken asteetan zehar, estadu mailako alderdi bien 'eskutik'. Espioitza lanak, maletinak gora eta behera, ehizan eta baimen barik ibili zan ministroa, koltxoi azpian dirua gordeten eban alkatea… eta horra honeek alderdiok zelan atara diran gurean 'aldaketearen' lelopean. Mezuaren indarra…
Zer pentsau badaukagu abertzaleok, sentsibilidade guztikoak. Ilegalizauta jarraitzen dabe batzuek, zakarrontzira joan diran ustezko urrezko botuak emoten, eta ezinbestekoa dan hausnarketea behin eta barriro atzeratuz. Erabagi politiko zoroak hartu ditue beste batzuk. Eta alkarri mokoka beste horreek.
Jentaurrean errua beste bati botateko ohiturea dogu, errua besteen etxeetan dagoala sinistu gura dogu, baina gehienetan, gure arazoen zergaitia gurean topau beharko geunke. Jaurlaritzea osatzeko negoziazinoak hurrengo asteetan ikusiko doguz, baina hausnarketarako borondaterik izango ete da?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!