Ke iluna errealidadea ikusi ez dagigun

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2009-01-26 02:15   Musikea

Kasualidadea ei zan. Eta guk, inozook, iruntsi behar genduan amua. D3M plataformearen eragileak atxilodu ebazan Espainiako poliziak langabeziaren inguruko informazinoa kaleratu behar zan egunean.

Langabezia gora eta gora doa Espainian. Daborduko Aznarren garaiko zenbakirik kaskarrenak atrapau dabez, % 14ko langabezia, hain zuzen eta, zalantza barik, gorantza jarraituko dau. Euskadiko Alkargo Autonomoan egoerea ez da horreen txarra, % 5ekoa da langabezi tasea.

Barregurea mingotsa emoten deust hauteskunde kanpainiarako espainiarrek zabaldu daben leloa. Abertzaleak momorrotuta ei gagoz “esentziak” dirala eta, eurek jenteari interesetan jakona gogoan daukien bitartean. Baina ikusitakoaren arabera, ezin da esan jente arruntaren interesak defendiduten dabezanik.

Krisialdi ekonomikoa larria da mundu osoan. Baina ezin da esan krisialdiak munduko herrialde guztiak bardin jipoitzen dituanik. Era berean, ezin da esan krisialdiaren aurrean munduko herrialde guztiek bardin erantzun dabenik.

Egindakoagaz bat etorriko gara ala ez, baina Ingalaterrak eta Estadu Batuek lehenengo momentutik krisialdia serioa zala onartu eta erreakzionau egin ebela onartu behar da. Igazko martian, hauteskunde orokorrak ganean egozala, Zapatero presidente espainiarrak behin eta barriro ukatu eban krisialdi ekonomikoa egoanik. Barre piloa egin nebazan “krisialdi” berbea ez aitatzeko esaten ebazan pitokeriak entzutean. Bitartean, euskal instituzinoek euren neurriak hartu ebezan euskal ekonomia suspertzeko, Estaduan lehenengoak.

Orain hauteskundeak datoz eta orain urtebete egin eben modura, errealidadea izkutatu gura dabe sozialistek. Krisialdiaren aurrean berandu eta txarto erreakzionau ebaeben be, Euskadin Espainian bezain txarto gagozala aldarrikatzen dabe. Larriagoa dana, Martirako (hura kasualidadea) egoerea hobetu egingo dala dinoe behin eta barriro. Guzur borobila sinistarazo gura deusku. Eta, bien bitartean, barri txarrak etorten badira ke iluna atarako dabe larrialdi ekonomikoa izkutatzeko.

Orain “ETAren zerrendak” ez dirala egongo aldarrikatu dabe behin eta barriro. Eta persona jakin batzuk atxilotu egin dabez hauteskunde zerrendak osotu gura izanagaitik, edozein demokraziatan larri-larria dan delituarengaitik.

Legebiltzarrean gehiengo unionista atarateko moduan dagozala uste dabe sozialistek. Eta horretarako errealidadea desitxuratu egingo dabe. Estaduko errealidade ekonomikoa ezkutatu egingo dabe barriro be. Eta euskal errealidade politikoa be desitxuratu guran dabilzala emoten dau.

Honexegaitik uste dot uritarrok daukaguzan eskubideak aldarrikatu behar dirala. Sentsibilidade politiko guztiak egon behar dira Legebiltzar barrian eta Euskadi ta Espainako errealidade ekonomikoen arteko diferentzia isladatu behar jako uritarrari. Manipulazino barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu