Arazoa Alderdien Legea da
2009-01-12 01:47Argazki deigarria osotu zan joan dan eguenean. Ibarretxe Lehendakaria, Patxi Lopez, Arnaldo Otegi eta konpainia akusatuen aulkian berba egitearren; horra euren delitua.
Erridikulua? Ez, jaun-andreok, espainiar demokrazia. Seguru nago Alderdien Legea idatzi zanean ez ebala inork uste halango punturaino helduko zanik, baina halaxe da.
Presaka eta korrika ibili izan ziran bere garaian popularrak eta sozialistak ezker abertzale ofizialak ilegalizau gurarian. “Terrorismoaren kontrako borrokan†legeak be garrantzitsuak ei ziran. Legea eta Polizia ei ziran tresnarik nagusienak. Eta bakarrak, batzuen ustetan.
Hortik gitxira, horrenbeste berba potoloei bizkar emonez, konturatu ziran eragile politiko batzuk berbea be tresna ezin hobea izan eitekeala indarkeriagaz amaituteko. Orain, ahalegin horren ondorioz, berbea epaitu gura dabe.
Epaileen ganean horrenbeste gauza esango dira. Horreetako batzuk zuzenak dira. Baina ez daigun bistatik galdu Alderdien Legerik barik ditxosozko epaiketea ez zala sekulan egingo.
Bihar erabagiko da epaiketea bertan behera lagako dan ala ez. Hainbat biderrez eskatu dau Lehendakariaren defentsak epaiketea bertan behera lagatea. Alperrik baina.
Orain epaiketeagaz aurrera jarraitu gura dau Lehendakariak. Nahiz eta epaiketea bertan behera lagateko forma arrazoiak egon taktikea aldatu dau. Erabagi dagiela berbea ilegala dan ala ez. Erabagi dagiela indarkeriagaz akabetako berba egin leiteken ala ez. Eta ikusi dagiela sozialistek zelako gehiegikeria dan euren eskutik onartu zan Alderdien Legea. Eta ikusi dagiela hauteskundeen bezperan.
Sektore politiko bateri hauteskundetara joateko aukerarik ez emotea antidemokratikoa da, legala bada be. Kaletik dabilzan personak “politikoki kutsatuta†dagozala pentsatze hutsa bildurgarria da ikuspuntu demokratiko batetik. Eta politikan ezinbestekoa dan berbea debekatzea zibilizazinotik kanpo kokatzea da.
Baina orain arte ikusitakoaren arabera, preparau gaitezan, edozein erabagi etorri leiteke eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!