Euskerea, teknologia... eta odola

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2008-12-07 02:29   Musikea Xabier Arzalluz etorri jatan gogora Iñaki Goirizelaiaren garaipena ospatzeko antolatu eutsen dantzaldia ikusi nebanean. Euskadiren nortasuna ziurtatzeko euskerea eta teknologia buztartu behar zirala adierazoten eban azkoitiarrak. Ederto konbinetan ditu alor biak EHUko erretore barriak. Teknologia irakasten dauen bitartean, euskalduna eta euskaltzalea da. Eta dantzari fina, alafede! Eta ikusitakoaren arabera argi dago bere seme-alabek be tradizinoa eta etorkizuneko erronkak batuten jakingo dabezala. Halanda be, badagoz betiko tradizino odoltsuei eusten deutsezanak. ETAk aspaldiko “tradizinoa” praktikara eroan eban Inaxio Uriari tiro bi emonaz. Ez naz hasiko ETAren arrazoiak azaltzen. ETAk bere burua eragile politikotzat joten dau eta egiten dauenari zentzu politikoa emoten ahalegiten da. Etikoki iparra orain urte mordoa galdu baeben be, ez dakit nik politikoki be noraezean ez ete dabilzan. Zurrumurrua oso zabalduta dago giro politikoetan. Ezker Abertzalearen barruan be sakoneko desadostasunak dagoz hartu beharreko norabide politikoari jagokonez. Zeozelango nahaste-borrastea dago. Ez dot esango “gogorrak” eta “bigunak” dagozanik, baizik eta burruka amatuaren zikloa amaituta dagoala uste dabenak eta uste ez dabenak. Mundu horretan jente askok ez dau oraindino ulertu zergaitik hautsi zan azken menia. Burruka armatua amaituta egoala sinistuta egoan jente asko. Ez dakit zatiketa hori EHUko erretorea aukeratzeko hauteskundeetara be ez ete zan heldu. Izan be, aitagarria izan zan jazotakoa. Ikasle Abertzaleakek abstenzinoa eskatu baeben be, ezker abertzalearen inguruko zenbat irakaslek Goirizelaiaren aldeko botua publikoki eskatu eben. Ez dot uste nik Goirizelaia irakasle horreen gustoko hautagaia izango zanik, baizik eta bere arerioa zan Marisol Esteban are okerragoa izango litzakela. Biak espainolak eta faxistak zirala esatea antzua zan, azken finean bietako bat erretorea izango zan eta. Inaxio Uriaren hilketearen ondorioz, hasi dira agertzen ixilik geratu ezin dabenak. Abiadura Handiko Trenaren kontra jente asko dago, eta ez dira danak Ezker Abertzalekoak. Eta ikusitakoaren arabera, horreetako batzuen ustetan be burruka armatua tresna onargarria baino oztopo politiko jasanezina da. Orain denporatxua lagun bategaz kontu honeen ganean eztabaidan berak esaten eustan indarkeria kontuetan dabilzanei egurra emon behar jakela danak giltzapean imini arte. Nik erantzuten neutson indarkeria desagertuko dala gure herrian indarkeria praktikau eta arrazoitu dabenen hausnarketa eta erabagiaren ondorioz. Inaxio Uriaren erahilketeak arimea ilundu egin deusku, baina itxaropenarako izpiak ikusi gura dodaz oraindino: Otegik eskaini eban alkarrizketea (lerro artean irakurri beharrekoa), El País egunkariaren autorpena (Lopez Peñaren atxiloketea hankasartze politiko galanta izan zala), erahilketaren aurrean teorian ixilik geratu behar ziranen berbak…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu