EAk bere buruari tiro?
2008-11-14 01:52Ez nintzan larregi harritu EAren behin betiko erabagia kalera atara zanean. Halanda be, ez zan nire gustoko erabagia izan. Ez dira gitxi ondorioetan pentsetan hasita jesarleku gehiago ala gitxiago atarako dabezala aldarrikatzen dabenak. Irakurketa hori ez dala zuzena uste dot.
Hauteskunde bereziak izango dira martian egingo diranak. Tira, gure herri honetan hauteskunde guztiak dira bereziak eta erabagiorrak, bai, baina inoiz gitxitan esan leiteke euskal egoera politikoa goitik behera aldatzen danik.
Datorren urteko hauteskundeak bereziak izan leitekez sozialistek euren burua irabazletzat ikusten dabelako eta abertzaleak ahulduta eta sakabanauta presentetan dirazko.
Kontraesan galanta da EArena. Ibarretxeren defendatzailerik sutsuenak izan dira legealdi honetan. Are gehiago, badakit EAko goi mailako buruzagiren batek edo bestek argi eta garbi esan dauala lagunarteko solasaldietan Ibarretxeren pentsamendua bereagaz bat datorrela erabat. Orduan zer dala ta Ibarretxeri sartutako labankada hau?
Ulertzeko modukoa da EA 'espazioa'-ren bila ibiltea. Alderdi guztiek gura dabe espazioa. Beste kontu bat izango litzake espaziorik izatea edota espazio horretan arnasa eroso hartu ahal izatea. Nire ustetan, datorren urteko euskal hauteskunde autonomikoak sano bipolarizauta egongo dira: Ibarretxe ala Lopez. Eta saltsa horrek normalean alderdi txikiak jan egiten ditu.
Adierazo dau gaur Unai Ziarretak alderdi biek banatuta botu gehiago ataraten dabezala batuta baino. Izan leiteke. Baina banaketea eragingarria izan daiten hiru lurraldeetan ordezkaritzea lortu beharko leukie. Eta azken hauteskundeetako emoitzetan ikusitakoaren arabera, ez dago argi horrenbesteko ordezkaritzea lortuko ete daben.
Badagoz, halanda be, kontuan hartu beharreko detailetxo bi. Alde batetik, ez dot bape argi ikusten akabuen EA bakarrik ala beste bategaz batera joango dan. Aralar EBgaz joango da, bere kabuz ala EAgaz entsaiauko dabe beste era bateko koalizinoa? Eta zer pasauko da Ezker abertzale ofizialagaz? Gaur publikoki alkarri bialdu deutsezan musuak adiskidetasun eder baten lehenengo urratsaren seinaleete dira? Mobimentu horreei esker titular piloa eskuratuko dabez, seguru, baina ez dot uste halangoen bidetik botu asko joango jakezanik. Erantzuna, hauteskunde egunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!