Urriaren 25a pasau eta...
2008-10-26 13:53 Urriaren 25a pasau zan eta ez zan kontsultarik egon. Atzo nire lagun batek galdetzen eustan zergaitik ez dauan izan bere eretxia emoteko modurik. Ez da erraza galdera horri fundamentuzko erantzunik emotea. Ezer baino lehen esan behar da Madrileko indar politikoek ez daukiela interes berezirik euskal uritarron eretxietan. Galderak gora eta galderak behera ibili izan dira denpora luzean. Ilegala da gure “demokrazia heldu†honetan, antza, jenteari zer pentsetan dauan galdetzea. Arazoa ez da, halanda be, galdetzea edo galderak eurak. Arazoa galderen egilea eta uritarron erantzuna da. Ibarretxe Lehendakaria joku politikotik kanpo laga gura izan dabe azken urte honeetan. Deigarria izan zan, nire ustetan, bake prozesuan zehar ze baztertuta laga eben Lehendakaria, batzuek eta besteok. Ez deutse ezelango protagonismorik emon gura Ibarretxeri, are gitxiago Euskadiko normalizazino politikoa lortzeko bada. Eta hortik dator bigarren kakoa. Modu batean ala bestean, euskal eragile politiko gehienek badakie normalizazino politikoa bide politikoen bidetik etorriko dala. Baina badakie normalizazino politikoa liderauko dauanak hurrengo urteetako bizitza politikoa be liderauko dauala. Eta Zapateroren porrotaren ondoren ezin eben onartu Ibarretxeren garaipena. Eta uritar gehienok, kontsultearen bidetik, Ibarretxek proposautako normalizazino formuleagaz bat egingo balebe zoroak be badaki nok liderauko eban herri hau denpora luzean. Nire ustetan kontsulta honetatik atarako zan emoitzea ez zan izango, seguruenik, sozialistek gurago eben normalizazino ureztauta. Eta orain zer egin behar da? Ezer baino lehen datorren urteko hauteskundeak irabazi behar dirala erantzungo dau jente askok. Egia da, ez dot uste normalizazino politikoa gertuago egongo dala sozialistak Euskadin nagusitzen badira. Euskal kontuei jagokenez harroputzak izan dira oso. Ikerkuntzearen transferentziagaz ikusi dan legez, ez daukie interes berezirik autogobernua bultzatzeko. Eta autogobernua bultzatu barik zelan arraio bultzatuko dabe normalizazinoaren kakoa dan erabagiteko eskubidea? Ahotsak entzungo dira zentzu horretan, baina horreek ahotsok mutu geratuko dira Madriletik etorritako aginduen aurrean. Eta barruak erretan eustana esan eta gero, kontsultearen alde gagozanok ez ete dogu hausnarketea egiteko beharrik?Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!