Osatu eta gero, hausnarketea behar da

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2008-10-02 01:48 Gaixorik egoan Lehendakaria barikuan Legebiltzarrean egindako plenoan. Gaixorik Alderdi Egunean. Ekitaldi bien artean bera gertutik ikusteko aukerea izan neban. Ez dot erraz ahaztuko bere azalaren kolorea: zuri-zuri egoan. Nire lagun batek dudan imini eban baieztatuten nebana. 'Lehendakaria bizikletan ibilten da ia astebururo. Arpegian kolorea izan behar dau derrigor'. Aginetako mina asteburuetako kirola baino indartsuagoa zan, antza. Kontuak kontu, Juan José Ibarretxe lehendakarigai jeltzalea izango da laugarren biderrez. Daborduko Ardanza eta Garaikoetxearen markak hausi ditu. Aurreko lehendakariek ez bezela, hiru presidente ikusi ditu EBBko presidentzian. Eta itxura guztien arabera, orain arte mantendu izan dauen diskurtsoagaz jarraituko dau. Espainiarrek karikaturea atara deutse Lehendakariari: raka-raka, jo eta ke bere kontuetan, egoskorra, itsua gainontzeko arazoen aurrean, erradikala,… Ez naz hasiko bere defentsa egiten, Ibarretxe ezaguna dalako eta bere burua primeran defendiduten dauelako. Bere garaian agindutakoa beteten ahalegindu da. Giroa ez dau beti alde izan. Arerioak eta etsaiak badaukaz. Eta laugarren aldiz euskaldunon erabagiteko eskubidea lelotzat hartzen badau, jentea nekatzeko arriskua dauka. Argi dago PSOE eta PP eskubide horri aurre egiteko joku zikina erabili eta erabiliko dabela. Baina, bestalde, bere inguruan dagozan askok ez dabe pentsetan kontsultea edo erreferenduma (ez dira gauza bera) egitea horreen preminazkoa danik. Nire ustetan, zoritxarrez, erabagiteko eskubidea planteetako momenturik onena pasau da. Begibistan dago abertzaletasunaren zati batek beste norabide bat hartu gura dauela. Azken asteotan emon dan irudia penagarria izan da: gauza bat esan gaur, kontrakoa bihar, proposamena etzi, kontraproposamena etzidamu… Baegoan pentsauta zer egingo zan danok espero genduan Auzitegi Konstituzinonalaren ezezkoaren aurrean? Eta larriagoa dana, ez dago kontraesanik ukazinoaren aurrean agertzen dan haserrea eta Espainiako aurrekontuak onartzeko egiten diran negoziazinoen artean? Fundamentuzko ezer atarako ete da? Garmendia ministra poxpolinak bere horretan jarraitzen dau, Gernikako Estatutuak dinoanari kasu egin barik. Indarkeriak be ez dau laguntzen bide horretan. ETAk bereari eusten deutson bitartean Estaduak ez dau arazorik izango abertzaleen aldarrikapenak eta indarkeria nahastetako. Ibarretxe abertzaletasunak daukan hautagairik onena dala uste dot, zalantza barik. Baina zein izango ete da bere programea hurrengo lau urtetarako? Ondo lagunduta joango ete da? Ondo pentsauko dau/dabe zer egin hurrengo urteotan? Horra koxka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu