Demokraten akatsak

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2008-09-17 01:14

Kontu personal bihurrietan ibili izan naz (eta nabil) eta ez dot denporarik izan azken bolada honetan jazo danaren ganean eretxirik emoteko. Kontu piloa dabilz egunez egun komunikabideetan. Horra jazoera batzuk: Ibarretxe Lehendakariaren bigarren ahalegina pikutara bialdu dabe, krisialdi ekonomikoaren eragina gero eta larriagoa da, ANV ilegalizau egin dabe, Estadu Batuetako errepublikanoek irabazteko gero eta aukerea gehiago daukiez…

Azken jazoerea honen ondorioz zapore gazi-goxoagaz nabil aboan. Orain hilebete batzuk esaten neban oso arriskutsua zala Obama eta Hillaryren arteko primariek sortarazotako giroa. Demokraten arteko hartu-emonak ozpindu egin ziran horren lehiaketea gogor baten ondorioz. Naturalena, nire ustetan, Obamak eta Clintonek osotutako bikotea izango litzake. Baina, itxuraz, Obamak ez dau Hillary inondik inora  bere inguruan ikusi gura eta Joe Biden aukerau eban. Ez daigun ahaztu Clintonen diskurtsoaren zutabetako bat 'kristalezko sabaia' apurtuteko ahalegina zala, hau da, berari botoa emon ezkero, lehenengo biderrez andra presidentea izango ebela estadubatuarrek. Bere aldeko batzuek, lehia galduta, pentsau eben oraindino, presidente izan barik presidenteordea izango zala. Zetakeriak itsututa, Obamak baztertu izan eban Hillary.

Errepublikanoek, euren aldetik, kolpe ederra emon eutsen demokratei. Errepublikanoen presidenteorde izateko hautagaia Sarah Palin da, andrazkoa, ederra, kontserbadorea, 'hockey mum' horreetako bat, hau da, seme alaben partidak ikustera joaten dan ama horreetako bat. Eta kristalezko sabaia apurtzeko prest. Obamaren jokaerak sortarazotako frustrazinotik probetxua atarateko prest dagoz errepublikanoak. Feministen botoak errepublikanoek eroango ete dabez?

Aste batzuk falta dira ondino hauteskundeen irabazlea nor dan jakin ahal izateko, baina ikusitakoaren arabera ez da harritzekoa inkestatan errepublikanoak aurretik izatea. Ez dot uste errepublikanoek Bushen garaian egindako lanaren frutua jasoko dabenik. Aitzitik, demokraten akatsek presidentzia emongo dautselakoan nago. Eta horrek ez daust ezelango lasaitasunik emoten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu