Maitasun eta gorroto kontuak
2008-08-12 01:38Maitasun eta gorroto kontuak izan dodaz buruan azken bolada honetan. Maitasun eta gorroto politikoak, esan gura dot, maitasun eta gorroto personalak oso kontu bihurriak diralako.
Orain gitxi Jose Felix Azurmendi lankideak planteau eban bere blogean ia komenigarria ete zan Espainiak politiko euskaldunei maitasuna agertzea Euskadiko Ezkerra difuntuari pasetan jakon modura. Pentsau gura dot Jose Felixek kontu modernoagoak izango ebazala gogoan eta ez historikoak, baina hoba nire zalantza horri berak erantzuna emoten badautso.
Kontu honen ganean pentsetan El Mundo egunkariaren aldizkariak dakarren sailkapena irakurri neban: 20 espainiarrik maitatuenak eta gorrotatuenak. Eurek egindako inkesta ei zan.
Maitatuena, zelan ez, Iker Casillas, berari esker espainiarrek Eurokopako txapelketea eskurau eben eta. Gorrotatuena, Julian Muñoz, Katxuli, Marbellako alkate ohia. Ondoren, Ana Obregón, PaquirrÃn eta Ibarretxe Lehendakaria. Juan José Ibarretxe izango litzake Estaduko politikorik gorrotatuena, El Mundo egunkariak egindako sailkapenaren arabera.
Harrigarria, edo ez horren harrigarria sailkapen honek dakarrena. Euskadin egiten diran inkesten arabera, Lehendakaria da puntuazinorik altuena ataraten dauen politikoa. El Mundoren esanetan, Estadu mailan gorrotatuena dan bera.
Ondorio bezela pentsau leiteke politika eta adierazpen bardinak eginaz politikari bera maite dabela hemen eta gorrotatu hor. Pentsau leiteke helburu eta aldarrikapen politiko guztiz kontrakoak espero dirala Espainian eta Euskadin. Akaso horrexegaitik desagertu zan Euskadiko Ezkerra. Espainian mirestu egiten ebelako. Mirespen horrek laguntasuna kendu eutson Euskadin. Eta Euskadiri jagokonez, babes politikoa eskuratzeko balio dauenak gorrotoa sortarazoten dau Espainian. Eta diferentzia politikorik ez dagoala esango dabe…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!