Zapa eta Espe alkarlanean
2008-08-04 01:11Hilebeteak emon ditu Madrileko gobernuak, eta batez be presidenteak, errealidadea ukatu guran. Alperrik, baina. Krisialdi ekonomikoa ganean daukagu.
Etxeak eta kotxeak gero eta gitxiago saltzen dira. Apurka apurka arazo ekonomikotan dagozan enpresak ataraten hasiak dira eta langabezia gorantza doa. Hilebeteak emon ditu Zapaterok zerura begira hauteskundeak irabaztea bere helburu bakarra zalako.
Bien bitartean, hiru krisi larri kiribildu dira: finantzieroa, etxebizitzana eta lehengaiena. Bakotxak konponbide desbardina dauka eta horreetako bat konpontzeko egin leitekenak beste bat okertu egiten dau.
Europako Banku Zentralak krisialdi finantzieroari aurre egin gura deutso. Honetarako inflazinoa gelditu gura dau interes tasa igoarazoz. Horrek kalte egiten deutse etxebizitza eta kontsumo merkatuei. Danok ulertzen dogu gure prestamoen interes tasak gero eta altuagoak diranean gero eta diru gitxiago izango dogula kontsumorako. Ikuspuntu ekonomikotik konponbiderik onena da Europako Banku Zentralak hartu dauena.
Halanda be, Madrileko gobernuek, Estadukoak eta Autonomiakoak, beste bide bat hartu gura dabela emoten dau. Bai Zapateroren gobernuak zein Agirrerenak kili-kolo dagozan enpresen lur-zoruak erosi gura dabez, ustez babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko.
Hori kopeta gobernu honeek daukiena! Urteak emon dabez honeek enpresok izugarrizko irabaziak izaten. Euren negozioak mugarik ez eukala sinisturik zorretan sartu ziran gero eta operazino haundiagotan sartzeko. Orain, krisialdia etorri danean, pikutara joateko arriskuan dagoz. Zer egiten dabe gobernuek? Dirua mahai azpitik emon enpresa handi horreei, inork gura ez dabezan lur-zoro horreen truke. Urteetan eskuratu dabezan irabaziak enpresa horreen patrikara joan dira eta horreen enpreson oraingo galerak uritarrok pagetan doguz.
Halango neurriak hartuta krisialditik atarako gara? Gu ez, seguru, baina beste batzuk di-da batean. Joxux…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!