Adarra joten

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2008-06-29 20:32 Beno, kontsultarako deia eginda dago. Horrek ez dau esan gura urriaren 25ean kontsultea izango dogunik. Argi eta garbi esan dabe Madrileko gobernukoek Epaitegi Konstituzionalera bialduko dabela Eusko Legebiltzarraren erabagia. Hor, zalantza barik, kontsultea ilegala dala erabagiko dabe. Jente askok pentsetan dau bide hau egitea alperreko lana izan dala, baina ez nator bat eretxi horregaz. Argi eta garbi geratu da euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen dauen ordezkari politikoen gehiengoa ez dagoala ados indarrean dagoan marku politikoagaz (sekulan hobeto esanda indarrean egotearena…) Eta argi dago, nire ustetan, ahalegin hau pikutara joaten bada, beste ahalegin bat egin beharko dala herri honen gehiengoaren borondatea legedira eroateko. Herri honen borondatea eta legediaren arteko alkar ezin ibiltea da gure benetako euskal arazoa. Pentsetakoa da Jaurlaritzea babesten daben hiru alderdiek pentsauta izango dabela aurrerantzean zer egin, batez be kontuan hartzen badogu udea ganean daukagula. Ez dira gitxi egitasmo honen atzetik hauteskunde usaina igarten dabenak. Kasurik onenean bederatzi hilebete falta dira hauteskundeetarako. Baina uste dot hauteskundeetarako deia egin baino arinago gizarteratu beharko dala benetan zer esan gura dauen Zapateroren ezetzak. Orain arte Jaurlaritzeak ez dau asmau urriaren 25eko kontsultearen zergaitia eta edukina azaltzeko orduan. Eta orain ondo azaltzen ez badabe zer jazo dan, jai daukagu. Askok pentsetan dabe urriaren 25ekoa independentziaren inguruko botazinoa izango dala. Beste batzuek pentsetan dabe gure etorkizuna erabagiko dauen erreferenduma izango dala. Eta ez da ez bata ez bestea izango. Kontsultea da Lehendakariak bultzatu gura izan ebana, balio juridiko bakoa, uritarron eretxia jakin gura dauena. Gure Legebiltzarrak hori baino ezin badau egin jakin gura neuke nik zer arraio esan gura daben Europako autonomiarik zabalena daukagula esaten dabenean. Andaluzian egin daitekena gurean ezin da egin. Eta gero nire ustez larriagoa dana dator: Loiolan ilegalizauta egoan talde politiko bategaz eztabaidatu zana ezin da eztabaidatu Lehendakariagaz. Eta ahoa zabalduta esango dabe: 'terroristek ez dabez sekula lortuko euren helburu politikoak'. Ikusitakoaren arabera, terroristek ez dabe ezer lortuko, ez. Baina euren beso politikoak bai, ostera. Eta badirudi sozialisten jokabidearen arabera, gai jakin batzuetan ezin da aurreratu atzetik talde armatua ez badaukazu. Populazinoaren gehiengoa atzean izateak ez dauka ezelango baliorik, antza. Ze demokrazia eta ze adarjote da hau?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu