Kobetasonik: zahar etxeko metala

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2008-06-26 02:10 Egunak emon ditut errekuperau ezinda. A zelako kontzertuak!! Hasikeratik pentsau izan neban askoz gustorago ibiliko nintzala Kobetasoniketik Zapatuan Barikuan baino eta halan jazo zan. Ez jat larregi gustetan thrash, death metal eta halango musika itogarriak. Estilo horreetakoan entzun ziran Barikuan (nire espanturako). Talde bategaz oso gustora geratu nintzan, Gamma Raygaz, hain zuzen. Ezaguna egiten jatan izena, baina ez neban euren musikea ezagutzen eta piloa gustau jatan. Heavy klasikoa, solo ederrak eta beti gustau izan jatana: metal klasikoa. Apocalyptica ez jatan bape gustau izan. Metallicaren bersinoak gustora entzuten nebazan, baina euren musikea lar zaratatsua iruditu jatan. Eta Judas Priest iritsi zanean, hau zirrara! Ia hirurogei urte daukiez Priestekoek. Rob Halford abeslari mitikoak kiloak hartu ditu eta ulea erabat ebagita eroaten dau. Honez ganera, ahuntzaren moduko bizarragaz dabil eta kantetako makurtuta iminiten zan. Hori ikusita 'honeek momia dira daborduko' esan neutson nire buruari. Baina hori guzti hori ahaztu neban Halforden lehenengo oihuak entzun nebazanean. Behetik gora joan zan Judas, batez be danok ezagutzen doguzan kantak jo ebezanean: Painkiller, Electric eye, Sinner, The green manalishi (with the two pronged crowns)… A ze gustora atara nintzan Kobetasetik!! Zapatuan, zoramena,… Kissek jo behar eban. Baina horren aurretik, rockaren beste aitite batzuk: Dio, Michael Schenker,… eta harridurea ezagutzen ez neban talde bikain baten eskutik: Tesla. A ze gustora Schenkerregaz… UFO eta MSGren garaietako kantak tartekatu ebazan: Armed and ready, Doctor Doctor, Rock bottom… urteetan entzun dodazanak. Behin eta barriro frogau eban Schenkerrek rock kitarrajole bikaina dala, batzuen ustetan onenetako bat. 55 urte inguru daukaz Michael Schenkerrek. Ia 60 urte daukazan Ronnie James Diok be kriston kontzertua eskaini eban. Txiki txikia da abeslari britainiarra, baina abots indartsua daukala erakutsi eban. Rainbowegaz eta bere taldeagaz jotako kantak eskaini ebazan: Kill the king, Long live rock and roll, Man of the silver mountain eta abar… Eta, azkenean, Kissen espektakulua. Arpegiak pintauta, Simmonsen mingain luzea, Paul Stanleyren keinu eta abots ederra, argiak, ikurrina oholtzan, urteetan entzun doguzan kantak: Shout it loud, Cold gin, Rock and roll all nite, eta beste kanta mordo bat. Sekula ahaztuko ez dodan gaua izan zan. Jende piloa joan gintzan, matrakarik ez zan izan, datorren urtean AC/DC, Van Halen eta Led Zeppelin lako taldeak jiran egongo ei dira. Zergaitik ez ekarri dinosaurio gehiago datorren urtean Bilbora Kobetasonik IIan?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu