Bilbao BBK live: Lenny Kravitz, txapeldun
2008-07-08 00:40Errekuperauta nago. Zapatuan euripean horrenbeste ordu emon eta gero pozik eta indarrak errekuperauta nago.
Ez eben asmau ETBko meteorologoek. Zapatu arrastirako eguraldi hobea izango genduala goizean baino iragarri baeben be, Kobetamendi aldean euria kontsolau barik bota eban. Beno, euria baino gurean desagertuta ei dagoan sirimiria.
Jente piloa egoan karpapean zain, baita Iñakitxu be.
Suberte handia izan neban. Edo prebisinoa, auskalo. Txanodun jakea eroateaz ganera jerseia eroan neban belardian jarrita egon ahal izateko. Eta kapela, kontzertuetara eroaten dodana. Hori guzti hori imini izan neban soinean Lenny Kravitzen kontzertua hasi zanean.
Eta merezidu eban. Nire ustetan, sekulako kontzertua eskaini eban Kravitzek. Soul, rock, funky, groove,… Kanta indartsuak, erritmo handikoak, dantzarako modukoak. Lantzean behin kanta xuaberen bat. Bustita sentiduten nintzan kanpotik eta bero barrutik, hori benetako rock kontzertua zan eta!
Kazetari askok azaldu dabe euren kronikatan harroputza zala Kravitz, betaurreko ilunak eroaten ebazala eta abar eta abar. Irudi gogorra izan eban Kravitzek, bai, baina tarteak eskaini eutsozan bere musikariei euren protagonismoa izan egien. Eta jente artean sartu zanean, hori zoramenea, izarra euripean!! Kontzertua amaitu eta gero lagun batek zera esan eustan:
- REMek ez dau 'hau' gaindituko.
Kontzertu bien arteko tartea lar luzea izan zan. Informazino batzuen arabera, Kravitzek esijidu izan eban eszenatoki nagusian jotea, REMen modura. Hau egia izanda ala ez, kontzertu bien artean jente asko hotzitu egin gintzan.
REMen kontzertua ez jatan horrenbeste gustau. REM Michael Stiperen bandea da. Kontraesan handia izan zan hura. Izar baten bandan 'harroputzak' musikariei protagonismoa laga izan eutsen. Banda jator eta 'enroilatuan' kantariak eskuratzen eban kontzertuaren protagonismo osoa. Horrezaz ganera, REMen soinua 'laua' iruditu jatan, hau da, kanta guztiek bardin-bardinak emoten eben. Ondo ulertu, kanta batzuk ezagutu nebazan eta beste batzuk ez, baina diskatan igarten zan soinu aberastasuna ez zan kontzertuan islatu. Hotzituta egongo ete nintzan? Aurreko kontzertuagaz txundituta jarraituko ete neban? Auskalo.
Edozelan be, REMen kontzertua ez zan txarra izan, ondo ulertu. Nire ustetan Kravitzena hobea izan zan eta bien arteko tartea lar luzea izan zan. Baldintza horreetan, akaso, ez egoan bigarren kontzertua goxatzerik.
Keinu polita luzatu euskun Michael Stipek Athleticen elastikoagaz atara zanean. Nire atzean 'Erreala!' hasi ziran oihuka, baina,… c´est la vie, lagunok…
Eguneko anekdotea bueltetako bidean izan neban. Kontzertugunearen ondoan egon barik, 800 metro beherago egozan autobusak. Autobus mordoa egoan gure zain, heldu eta berehala jentea BECera eroateko modukoa. Kontua da orduak emon izan genduzala euripean eta erabat bustita heldu nintzala kotxera, goitik behera eta barrutik kanpora. Zer egin? Soluzino erradikala: erropea kendu, kotxearen kalefakzinoa topera imini eta etxera.
Eta bidean pentsamendu zoroa sartu jatan buruan: zer gertatuko ete zan Ertzaintzaren alkoholaren kontrako kontrola topau izan baneu? Zer esango ete eben tipo bat egunsentiko ordu bietan galtzontzilo hutsik topau izan balebe? Zer esango ete eben kotxearen kalefakzinoa topera eroaten dauela ikusi izan balebe? Eta kontrola egin eta gero ez nebala ezelango alkohol edo substantzia toxikorik hartu ikusi izan balebe? Segurutik gaua Zamudioko nire etxean emon barik Zamudioko beste 'etxean' emongo neban…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!