Zapateroren hauteskunde leloa: Ez

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2008-05-12 02:11

Ibarretxe Lehendakariak bere hamaikagarren proposamena egin deutso Zapatero presidente espainiarrari. Ez da txantxetakoa izan proposamena. Loiolako konbertsazinoetan PSEren ordezkariek onartutako puntuak imini ditu mahai ganean Lehendakariak. Sozialisten erantzuna ezezko borobila izan da. Are gehiago, Pepiño Blanco bozeroale sozialista gezurteroak ukatu egin dau horreek aurreakordioak benetakoak izan ziranik.

Sozialisten aldetik beste era bateko erantzuna izan da. Beren esanetan ezin dira nahastau bakea lortuteko ahalegina eta Ibarretxeren matrakea. Barregarria izango litzake kontu hau horren serioa ez balitz.

Espainiarren aldetik hamaikatxu biderrez esan deuskue euskal arazo bakarra terrorismoa dala. Eta hori egia baldin bada, zertan arraio ibili izan ziran urteetan Egiguren eta besteak Otegi eta gainontzekoakaz berbetan? Futbolaren ganean egon ziran berbetan ala ETAren komandoen nondik norakoak alkarri kontetan? Ez dabe jentaurrean onartu gura sozialistek Euskadin konpondu bako arazo politikoa badagoala, baina badagoala jakin badakie, alajaina!

Zapaterok esandako horrek badauka ondorio bihurria: ETAren ustezko beso politikogaz horreek printzipiook adostu leitekez, baina Lehendakariak ez dauka horreek defendiduteko eskubiderik. Lehendakariak sozialistek sekula beteko ez daben Gernikako Estatutua defendidu behar dau, 'adostutako erregelak', Zapaterok esana. Ondorioz, Gernikako Estatututik harantza joateko erakunde armatu baten babesa izan behar da. Eta gogoan badaukagu Lehendakariaren atzetik ETAren atzetik baino askoz jente gehiago dagoala, ez dakit nik honeen sozialiston eretxiz demokrazia ze arraio ete dan.

Kontuak kontu, Zapatero eta sozialistak harrotuta dabilz. Hauteskunde orokorrak irabazi ebezan Martiaren 9an gurean. Orain pentsetan dabe hauteskunde autonomikoak irabazteko moduan dagozala. Hauteskunde guztiak desbardinak dirala badakigu. Eta hauteskunde autonomikoak izango diranean ezin izango dabe sozialistek Aznarren mamua astindu botuak eskuratzeko.

Abertzaleok arerio sendo baten kontra batzeko aukerea izango dogu egin beharrekoa ondo egiten badogu. Orain artino, ondo baino hobeto frogatu dogu gure indarrak alperrik galtzen badakigula. Sei hilebete daukaguz okertutako bidea zuzenduteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu