Popularren ahuldadeak abertzaleon kontra jokatzen dau

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2008-04-26 14:46   Barriketan

Serbidorea erderatik datorren berbea da. Informatika kontuan sarritan erabilten dogu. Teorian, gure menpean dago serbidorea, gu laguntzeko, berbak berak esaten dauenez.

Halanda be, serbidoreek, gure menpean ei dagozan horreek, matxinadak antolatuten ditue, berenkabuz hartzen ditue erabagiak eta eurak gure zerbitzuan egon barik gu euren menpean iminiten gaitue.

Hori pasau jatan joan dan astean. Alderdi Popularraren egoerearen ganeko hausnarketea preparau eta eskegi egin neban joan dan astegoienean. Orduan ikusi neban azken hilebeteetan zehar eskegitako testuak desagertuta egozala. Hortik egun pare batera sartutako azken testua galdu eta aurreko guztiak barriro agertu ziran. Horrek bai kontu bitxiak, informatikarenak!

Ez dau ardura. Alderdi Popularrak zeresanik emongo dau ondorengo hilebeteetan, krisi sakonean dagozalako popularrak. Esperanza Agirrek kontrakoa esaten badau be, popularrena ez da ideologi krisia, lidergo krisia baino. Raxoiren lidergoa kolokan dago, kongresoa irabaziko badau be. Ez dot bape argi ikusten ezta 2012. urtean bera hautagaia izango dan bez. Hori lortu ahal izateko, tarteko helmugak gainditu beharko ditu: euskal hauteskunde autonomikoak, europarrak,… Ez dauka lan makala Pontevedrako errejistradoreak!

Ez jat gustetan popularrak krisian ikustea. Ondo ulertu, ez dodaz bape maite popularrak. Baina gogoan badaukagu gure hauteskunde autonomikoak ganean daukaguzala eta sozialistak indartsu agertu dirala joan dan hilebeteko hauteskunde orokorretan, abertzaloi ez jaku komenidu popularren ahuldadea.

Krisian dagozan alderdiek arazoak izaten ditue botoemolearen konfidantzea eskuratzeko (eta hori gure inguruan dabilen batek baino gehiagok izan beharko leuke gogoan). Eta ez litzake harrigarria izango popularren botoemoleak izan diran asko, beren alderdiaren oilotegia ikusita, sozialisten eremuan begiak iminiten hastea.

Horrek, zalantza barik, zaildu egingo leuke Raxoiren egoerea. Gogoan izan daigun Fragak bere dimisinoa presentau izan ebala euskal hauteskunde autonomikoetan emoitza eskasak izan eta gero. Hortik gixira, Hernandez Mancha txoripitoaren parentesia pasau eta gero, popularrek izan daben azken lider handia agertu zan: Aznar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu