Nork dauka duintasunaren monopolioa?

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2008-04-14 01:11   Jan edanak

Begibistan dago zentsura mozinoa izango dala Arrasaten hemendik gitxira eta hurrengo alkatea PSOEkoa izango dala. Eta benetan dinotsuet, ez nago bape pozik.

Ez naz sartungo duintasun kontuetan, are gitxiago legitimidade kontuetan ez dot amorrurik hartu gura eta. Ezker abertzale ofizialaren aldetik behin eta barriro aitatuten da duintasun berbea eta haren ahotan berba antzua dala pentsetan dot. Duintasun gitxi agertzen dau autopista kobratzaile bat hilten dauenak. Eta ez dauka duintasunagaz zerikusirik hilketa honen kontra ez agertzeak. Horren gatxa ete da Lezoko ANVk agertu dauen jarrerea Arrasaten agertutea?

Egia da demokrazia eta duintasunaren alde agertuten diran beste batzuen jokabidea be ez dala bape duina. Arrasaten bertan beste era bateko indarkeria izan zan orain gitxi. Ustezko torturak izan ziran T-4aren kontrako atentaduaren ustezko eragileen ganean ('ustezko' berbea erabilten dot epaileen erabagien zain gagozan bitartean, baina itsuak be ikusi eban jazotakoa). Atxiloketan zehar jazotakoa azaltzeko orduan Rubalcaba ministro espainiarrak sekulako pitokeriak esan ebazan orduko ustezko torturak ezkutatzeko asmoz. Inor gitxik sinistuten dau bere bertsinoa.

Baten batek esango deust Isaias Carrascoren kontrako atentadua larriagoa izan zala lesakarron atxiloketea baino, azken finean, atxilotutakoak bizirik dagozalako. Baina era berean erantzun leiteke Estaduaren aldetik eragiten diran gehiegikeriak estalita geratuten dirala beti. Kasu bakan batzuk kenduta, inork badaki horrenbeste kasu ilunetan nahastauta izan diran polizia eta goardiazibilak nortzuk diran? Bestaldetik, ETAren inguruan dagozanen izenak, argazkiak eta nondik norako guztiak ezagutzen doguz, sarritan behar baino arinago.

Kontuak kontu, mustur bietan dagozanak jo eta su dabilz duintasuna eta demokrazia eurak ordezkatuten dabezala sinistarazo guran. Bien bitartean, mustur bi horreetan ez gagozanok aho zabalik gagoz gure bide propioa hartu ezinda. Arrasateko udalean ANVk 7 ordezkari atara ebazan. PSOEk gehi PPk 5. Eta musturretan ez dagozanak, Jaurlaritzea osotu edota babestu egiten dabenak, EAJk gehi EAk gehi Ebk gehi Aralarrek 9. Gehiengoa osotzen dabe duintasuna eta demokrazia aitatu barik. Eta ganera, ez dabe alkatetzarik izango ez lehen ez orain.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu