Urduritasuna nagusi, erabagi onik ez
2008-04-06 23:50 Daborduko Athletic salbauta dagoala esan leiteke. Badagoz Europara begira imini diranak, baina hori lartxu eskatzea izan daiteke, are gehiago gaur San Mamesen eskaini deuskuen ikuskizuna kontuan hartzen badogu. Denporaldia amaituta ez badago be, sufrimendua atzean lagako dogu. Balantzea egiteko sasoia dator. Aitatzen neban denporaldiaren hasikeran fitxaketa piloa egin izan ebazala gure klubeko zuzendaritzeak. Aurreko denporaldi bietan sufrimendu latza sufridu eta gero, pentsetakoa zan taldea indartu egin behar zala sufrimendu gehiagorik ez izateko. Kontuak kontu, jokalari piloa ekarri ebezan, diru mordoa gastatuz. Eta denporaldi honetan zehar zer jazo dan ikusita, ez dakit nik buruz pentsau eta egindako fitxaketak izan ete diran. Egin daigun errepasoa: Iraizoz lesionauta egon da ia denporaldi osoan, Ociok sarri jokatu dau, Muñoz eta David Lopez beste taldekideen ordezkoak izaten dira, Cuellar ez dabe konboketan be, Asier del Horno lehia bizian dabil Koikiligaz ezker hegaleko postuan egoteko. Bigarren mailan ordezko atezaina zan Armando eta Bigarren B mailatik ekarritako Koikili izan dira errendimendurik handiena emon dabenak, Ociogaz batera. Benetan merezidu eban horrenbeste diru fitxaketetan gastetea? Athleticen arazoen konponbidea etxean edo etxetik gertu egoan: txundituta ikusten dot Javi Martinezen indarra, Susaetaren abilezia, Amorebietaren sendotasuna, Llorenteren txinpartea,… Futbolean, bizitzan orohar, urduritasunak okerreko erabagiak hartzera eroaten gaitu. Gure Athleticen ikusi dogu, eta baita politikan be. Badagoz indarkeriaren arazoa kolpe batean konpondu gura dabenak, di-da… Oso oker dagoz. Nerbioen eraginez hartutako erabagiak erabagi okerrak izaten dira, bai futbolean zein politikan. Bien bitartean, Athleticen sasoi eder hau gozau egingo dogu. Gaurko politikagintzeak bizi dauen giro ozpindua beste une baterako lagako dogu.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!