Malko artean irakurten
2008-03-09 14:03Krudelkeria. Kupidabakokeria. Koldarkeria. Kirtenkeria. Basakeria. Barrabaskeria. Horreek izan ziran burura etorri jatazan berbak Arrasateko atentaduaren barri izan nebanean. 'Keria' zan derrigor erabili beharreko atzizkia. 'Tasuna' beste une baterako laga behar zan.
Persona langilea erahil dabe. Bere alabearen aurrean. Beharrerako bidean. Behar apala eukan. Zinegotzia izandakoa. Babesik bakoa. Politika aldetik horrenbeste irakurketa egin leitekez. Giza sentimentuen aldetik, baina, ezin da ezer onik esan eragileen alde.
Ulertu leiteke (eta nik ulertzen dot) ezker abertzalearen barruan amorru handia dagoala. Ilegalizauta jarraitzen dabe, gaurko hauteskundeetara presentau ezinda. Euren buru politiko gehienak kartzelan dagoz eta ezin dabe jakinarazo zer pentsetan daben. Aste honetan bertan ikusi dogu 'terrorismoren kontrako burrukan' gehiegikeri piloa eragiten dirala eta fribolidade handia be badagoala. Indarkeriak alde bakarra daukala itsuak baino ezin dau esan.
Baina hori guztia esan eta gero, argi gera daitela indarkeria guztiak ez dirala bardinak. Arestian aitatutakoak, gogorra bada be, bueltea izango dau egunen batean, egoerea normalduko danean. Isaias Carrasco, ostera, ez da sekula Arrasatera bueltauko. Horrek ez dauka atzerabueltarik.
Irakurketa politikoa be egin leiteke, gatxa bada be, ETAk bere burua eragile politikotzat joten dau eta. Nori egiten deutso mesede politikoa Arrasaten jazotakoak? Nori kalte?
Kalte abertzaletasunari egiten deutso, zalantza barik. Alkarrizketan sinisten dogunoi. 'Hau' mahai baten inguruan amaituko dala sinisten dogunok argudio barik geratuten gara barikukoak sortarazoten dauen etsipenaren aurrean. Herri honen sensibilidade politikoa erabat itotea barrabaskeria dala defendidutea oso gatxa da holako jazoera krudelak izaten diranean. Danok ikusi dogu hauteskundeetan ahalik eta botorik gehien atarateko sozialistek egin dabena. Horri erantzun odoltsua emon guran, ETAk bere burua sartu dau zulo baltzean, gero eta sakonagoa dan zulo batean. Eta hortik ataratea gero eta gatxagoa izango da.
Ordu honetan ez dago jakiterik zeintzuk izango diran hauteskundeen emoitzak. Sudurrak esaten eustan bariku goizean sozialistek babes handia izango ebela gaurko hauteskundeetan, inkestek esaten ebena baino babes zabalagoa. Arrasateko atentaduaren ondoren, pentsetan dot sozialistek babes handiagoa izango dabela, bai Euskadin zein Espainian.
Baina ez da hori egin beharreko irakurketa bakarra. Asteburu honetako jazoerek ez ete dabe eragingo hausnarketa sakona ezker abertzalearen barruan? Nik uste dot baietz. Burua eta bihotza baldin badaukie, jakina. Banoa botoa emotera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!