Hasi da ikuskizuna!!!
2008-02-24 23:56Hauteskunde kanpaina ofiziala hasita dago. Ofiziala esan gura dot Estaduko alderdirik nagusienak luzaroan egon izan diralako kanpainan. Oposizinoko alderdirik nagusienak, hain zuzen, lau urte emon ditu etenbako kanpainan. Eta, benetan dinotsuet, daborduko kantsauta nago.
Kontuak kontu aste bi baino ez dira falta, eta inkestek dinoenez, Zapateroren alderdi sozialisteak lidergoan jarraitzen dau Raxoiren popularrei alde txiki txikia ataraten. Gainontzeko alderdiak ez dirala esistiduten emoten dau. Ahaztu egiten dabe inkestek eta inkestak baloretan dabezanok irabazleak atarako dauen aldea horren txikia izango bada orain bigarren lerroan dagozan alderdi horreek kontuan hartu beharko dabezala gobernau ahal izateko. Berebizko garrantzia hartuko dabe oraingo 'ipotxek'.
Bien bitartean, Zapatero eta Raxoi, Raxoi eta Zapatero jo ta su dabilz euren lehia partikularrean. Joan dan eguenean euren buru ekonomikoak aurrez aurre izan ziran. Bihar Zapatero eta Raxoiren arteko lehenengo 'megadebatea' izango da. Kanpainearen azken txanpan zehar beste debatea izango da.
Horreek debateok faltsuak dirala uste dot. Hasteko, botoemoleok ez dogu Espainiako gobernuburua aukeratuko, parlamentariak baino. Eta parlamentaririk gehien atarako dituan alderdiak ez dau zergaitik gobernuaren presidentzia eskuratu behar. Gehiengoa lortzeko eta Gobernuaren presidentzia eskuratu ahal izateko itunak beharko dira seguruenik. Eta itunetan orain baztertuta dagozan alderdien eskakizunak kontuan hartu beharko dabez.
Gogoratu daigun Alderdi Popularrari orain hamabi urte jazo jakona: Hauteskunde egunean Pujol ipotxari gazteleraz berba egiteko eskatuten eutsen militante popularrek. Hortik gitxira Aznarrek autortu eban katalaneraz egiten ebala berba. Hori bai, 'intimidadean'.
Orain harrotuta dagoz oilar biak. Horreetako bat joan beharko da apal-apal eginda txikien etxeetara babes eske. Edo biak batera, auskalo!
Baina hori Martiaren 10ean izango da. Eta orain horren harro erakusten dauskuezan mokoak eta gangarrak gorde beharko dabez euren poltsikoetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!