Caucus eta primariak

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2008-02-04 02:31   Euskerea berbagai

Inbidia handia sentiduten dot Estadu Batuetako hauteskundeen kanpainearen ganeko informazinoa leiduten dodanean. Hautagaiak herriz herri joaten dira, batez be kanpainearen emoitza dudan dagoanean. Hor herri galduetako biztanleen erantzunei erantzuten ahalegintzen dira, lekurik harrigarrienetan emoten dabez mitinak eta jentaurrean euren ikuspuntuak agertu behar izaten dabez.

Baten batek esango deust Estadu Batuetako sistemea be ez dala perfektua: diru piloa behar izaten dala halango kanpainiari aurre egiteko eta hor erabilten diran argudioak ez dirala europarron gustoko.

Hori esaten dauenak ez dau arrazoi faltarik izango, baina inoiz izan ete dozue alderdikidea izan barik bilera batean parte hartzeko eskubidea, hautagaien inguruko argudioak entzuten eta gustetan jakunaren aldeko botua emoten? Ba horixe bera egiten da Estatu Batuetan. Adituek dinoanez, Barack Obamaren arrakastearen atzetik independienteen bultzadea dago, hau da, Alderdi Demokrataren partaideak izan barik bileratan parte hartu eta botua emoten dabenak.

Alderdi Errepublikanoaren buruak arduratuta dagoz euren bileretara askoz independiente gitxiago joan izan diralako. Horrek islatuko leuke demokratak 'swing voters' (botua alderdi bateri ala besteari emoteko moduan dagozanak) erakarteko gauza dirala.

Badakit Estadu Batuetako sistemea ezin dala horren erraz gurera ekarri. Gurean ez da hautagai bakarra aukeratzen, zerrenda osoa baino. Baina egia autortu daigun: Zer sentiduko geunke 'gure' zerrendaren edozein partaideri interesetan jakuna galdetzeko gonbidapena jaso ezkero? Eta hautagai diferenteen artean bat aukeratzeko konbita jaso ezkero? Onartuko geunke?

Hauteskunde Orokorrak izango dira Estadu espainiarrean hemendik hilebete batera. Estadu Batuetako formuleak ekarri dabez, besteak beste debateena. Raxoi eta Zapatero aurrez aurre birritan izango ei dira. Acebes eta Fernandez de la Vega be bai. Pizarro eta Solbes ekonomi kontuen ganean izango dira nor baino nor. Baina ez dot uste alderdi politiko horreetako militanteek eta zaleek euren buruak aukeratzeko modurik izan ete daben. Are gitxiago bestelako aukerarik izan ete daben. Eta beste alderdietan be ez dot uste aukerea zabala izan dabenik.

Seguru nago inoiz gurean alderdi barruko primarien sistemea indarrean iminiten baldin bada politikea askoz interesgarriagoa izango dala. Bien bitartean, auskalo zelan egosi diran platerren artean aukeratzeko beharra izango dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu